Joxe Kruz Ezeiza 'Kaxka' eta Karmele Mitxelena izango dira asteon Hitzetik Hortzerako gonbidaduak
2026-01-15 07:45 BertsolaritzeaOiartzungo Bertso Asteari buruzko Bertso astea eta askoz gehiago izeneko dokumentala egin dabe.

Oiartzungo bertso astearen artxiboa digitalizetan hasi ziran Joxe Kruz Ezeiza Kaxka eta Karmele Mitxelena. Urteetan pilotutako argazki, kartel eta irudiak sailkatzen ebizela, Mitxelenak mobikorragaz grabetan zituan Kaxkak esandakoak eta ondoren etorri zan bizipen eta gomuta horreekaz guztiakaz dokumental bat egiteko idea. Holan jaio zan Bertso astea eta askoz gehiago izeneko dokumentala, Oiartzungo Bertso Astearen sorrerea eta ondorengo urteak kontetan dituana.
Girizia Alkarteak Mattinen omenaldia atondu eban 1981ean eta hurrengo urtean, 1982an, hasi ziran Bertso Astea atontzen. Lantalde horretan egon zan Kaxka eta urte horreetan Oiartzunen egoan bertso giroaz ibiliko dira aste honetako programan.
Mitxelenak, barriz, Kaxkagaz ikasitakoak kontauko ditu, baita dokumentalera batutako zehetasunak be.
Oiartzungo Bertso Astea atontzari itxi jakon baina herrian gaur egun bertsolaritzeak dauen lekuaz egingo dabe berba gonbidadu biek.
Baigorriko eta Amurrioko bertsoaldiak
Astero legez, alkarrizketaz gan bertsoaldiak entzuteko aukerea izango da Hitzetik Hortzeran. Alde batetik, Xilabako Baigorriko bertsoak entzuteko aukerea izango da, lehen finalaurrekoa jokatu zan bertan. Joana Itzainak egin zituan gai-emoile lanak eta kantuan izan ziran Elixabet Etxandi Goihenetxe, Haira Aizpurua Ibargarai, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Mizel Mateo Sallaberry eta Nahia Sasco Etxeberri. Baigorrin izandako saioa Miren Artetxek irabazi eta berak eskuratu eban finalerako lehen txartela.
Beste alde batetik, urte hasiereagaz batera finalisten saioa egin dabe Amurrion. Aitor Mendiluze Gonzalez, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria ibili ziran bertsotan; gaiak emoten, barriz, Ainhoa Comas Muguruza ibili zan.
Hitzetik Hortzera: zapatuan, hilak 17, gaueko 21:00etan, ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
