Martxan da X. (H)ilbeltza bekea

Bizkaie! 2026-01-12 11:07   Kulturea

Euskal Herrian literatura baltza sustatzea da asmoa.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza Alkarteak eta Txalaparta Argitaletxeak 2026ko (H)ilbeltza bekearen deialdia iragarri dabe alkarlanean, euskal literatura baltza zabaldu eta munduko literatura baltza euskeratzeko.

Deialdian, Friedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberriaren itzulpena egin beharko da. Halanda ze, parte hartu gura dauenak eleberriaren lagin bat itzuli beharko dau. Oinarriak hemen.

Bekea 6.000 eurokoa izango da eta zati bitan emongo da. Laginak 2026ko martiaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dira Baztango Udaleko erregistroan. Apirilaren 29a baino lehen jakingo da bekearen irabazlearen izena. Epaimahaiko kideak ondoko honeek izango dira: Baztango Udaleko ordezkaria, Fernando Anbustegi; Txalaparta Argitaletxeko ordezkaria, Maddalen Subijana; eta, (H)ilbeltza Alkarteak izentautakoa, Amaia Apalauza Ollo.

Aurkeztutako laginean itzulpenaren kalidadea, aberastasuna eta sorburu-testuaren aurreko baliokidetzea balorauko dira, baita sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea be.
 
X. (H)ilbeltza

Hamargarren bekea izango da aurtengoa, 2019an hasitako egitasmoaren barruan. Lankidetza horri esker, ondoko liburu honeek plazaratu ditu Txalaparta argitaletxeak: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak (2019), Josu Barambonesek euskeratutako Patricia Highsmithen Lardaska (2020), Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak (2021), Koldo Bigurik itzulitako Massimo Carlottoren Agur maitea, ikusi arte (2022), Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu (2023), Beñat Irastorzak egindako Fred Vargasen Altxa, hildakoak (2024), Joxan Oizen Amazurtza (2025) eta kaleratu barri dan Amaia Apalauzak itzulitako Guillem, Núria Cadenesena.

Kontuak kontu, 2027ko urtarrilean argitaratuko da Gaizka Sarasolaren eleberria, Mug(H)erri I izeneko proiektuagaz igazko bekea irabazi eta gero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu