Nazinoarteko Batxillergoa ezarriko dabe Euskadiko sare publikoan
2026-02-23 13:18 KultureaBotikazar, Urritxe eta Unamuno ikastetxeen artean 81 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Nazinoarteko Batxilergoa ezarriko dau Euskadin hiru ikastetxe publikotan: Botikazar BHI (Bilbo), Urritxe BHI (Amorebieta-Etxano) eta Unamuno BHI (Gasteiz). Ikastetxe bakotxak 27 plaza eskainiko ditu, danetara, 81 plaza 2026-2027 ikasturterako.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, hiru institutuetako zuzendaritza-taldeekin batera aurkeztu dau ekimena. Euskal hezkuntza-sistemea nazinoartekotzeko eta bikaintasunaren alde egiten dauen hezkuntza publikoa sendotzeko estrategiari erantzuteko ekimena, hain zuzen be.
Nazinoarteko onarpena dauen titulazino bikotxa
Programa hau euskal hezkuntza-sisteman araututako Batxilergoaren osogarria izango da eta, ikasketak amaitzean, ikasleek titulazino bikotxa lortuko dabe: Batxilergoko titulu ofiziala eta Nazinoarteko Batxilergoko Diplomea, mundu osoko unibersidadeek autortua.
Prestakuntzea sei ikasgai-multzotan egituratuta dago: Hizkuntzea eta Literaturea; Hizkuntzen Jaubekuntzea; Gizakia eta Gizartea; Zientzia; Matematika; eta Artea. Enborra izango diran hiru osogai komun ditu: Monografia; Sormena; Jarduera eta Zerbitzua. Horreen artean, Ezagutzaren Teoria nabarmentzen da, gogoeta kritikoa suspertzeko bideratutako irakasgaia. Gainera, ikasleek bakarkako ikerketa-lan akademikoa egin behar dabe, baita sormenari, jarduera fisikoari eta gizarte-konpromisoari lotutako proiektu bat be.
Sailburuak ondokoa nabarmendu dau: curriculum-programaz harago, Batxilergoko eredu honen balio erantsietako bat da pentsamendu, komunikazino trebetasun, gizarte, autogestino eta ikerketa-
trebetasunen garapena barruratzeko aukerea emotea.
Ebaluazinoa etenbakoa eta zorrotza da. Kanpo-probak egiteaz gan, ikasturte bietan egindako lanak eta proiektuak ebaluauko jakez ikasleei eta horrek autonomia eta pentsamendu kritikoa indartuko ditu.
Ikastetxeen konpromisoa eta profesionaltasuna
Aurkezpenean, datorren ikasturtean programea emongo daben ikastetxeetako zuzendaritzek azaldu dabe ekimen honegaz bat egiteko arrazoiak zeintzuk izan diran, baita ekimena ezartzeko jarraitutako prozesua zein izan dan be. Horrek guztiak dakarzan betebeharrez eta ikasleakan izango dauen eraginaz be ibili dira.
Esangura horretan, Nazinoarteko Batxilergoko Programea eskaintzeko baimenak konpromiso instituzionala, antolakuntza-kaudimena eta profesionaltasun maila handia eskatzen deutsela ikastetxeei nabarmendu dabe. Epe luzerako apustua da, planifikazino zorrotza eta egokitzapen metodologikoa eskatzen dituana.
Era berean, irakasleek prestakuntza espezifikoa eta etenbakoa jaso behar dabe programako oinarri eta ikuspegi pedagogikoetan eta programea bera modu egokian apliketea eta nazinoarteko kalilade-estandarrei eustea bermatu behar dabe.
Jarrera estrategikoa
Nazioarteko Batxilergoa sare publikoan ezartzea Eusko Jaurlaritzaren estrategiari lotuta dago, izan be, helburu baitau hezkuntza-sistemearen nazinoarteko proiekzinoa indartzea eta ikasleen aukera akademikoak zabaltzea.
Hezkuntza-eredu horrek hainbat diziplina lotzen dituan prestakuntzea eta ikaskuntza autonomoa, eleaniztasuna eta kulturen arteko errespetua sustatzen ditu.
Programa honek nazinoarteko pensamoldea daben ikasleak hezi edo eduketan ditu, alkartasunagaz eta iraunkortasunagaz konprometidutako ikasleak, pentsamentu kritikoa dabenak eta ondo informauta dagozanak. Gainera, gizarte bidezkoago eta toleranteago batean laguntzeko kapaz izango diranak, beti bere, alkar ulertzea eta kulturen arteko errespetua ardatz hartuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
