'Aresti eta abesti' dokumentalaren aurrerapena Bilboko Gutun Zurian

Bizkaie! 2026-02-24 07:46   Kulturea

Bilboko Azkuna Zentroko auditoriumean, iluntzeko 19:00retan.

Gaur hasi eta zapatura arte arte izango da Bilboko XIX. Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdia. Eta Euskaltzaindiak sustatu dauen Aresti eta abesti dokumentala aurtengo Zinemaldian estreinauko dabe, Zinemira atalean, baina gaur, hilak 24, aurrerapen txiki bat emongo dabe Bilboko Azkuna Zentroko auditoriumean, iluntzeko 19:00retan. Ordu horretan izango da jaialdiaren inaugurazino ofiziala eta hor, 60 urte beteten dituan Gerediaga Alkarteari emongo deutse BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria. Ohorezko makila, ostera, nazioarteko literatura-edizino garaikideko figura nabarmenetako bati emongo deutse, hain zuzen be, Valerie Milses editore estadubatuarrari.

Horrezaz gan, Aresti eta abesti dokumentalaren lagin bat erakutsiko dabe inaugurazino-ekitaldian eta, ostean, hiru ahotsetako barriketaldia izango da (Biharko berbak), Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Jabier Muguruzagaz.

Aresti eta abesti dokumentalak ez dau Arestiren bizitea errepasetan, ez deutse joandako denporei begituten; joandakoetatik ekiten deutso, bai, baina egungo galderei helduz: zertan da euskerearen burrukea gaur? Zelan transmitidu poesia eta konpromisoa belaunaldi barriei?

Dokumentalean Arestiren berbez egindako kantuen abenturak zehazten dira; beraz, alkarrizketa musikatua dala esan daiteke. Holan, kantari helduak musikari gazteakaz berba egiten dabe. Abesti horreen historiaz, idazlearen poetikaz eta politikaz jardun dabe, poema eta kantu horreen formaz eta oinarriez eta, bide batez, sasoi haretako diskoak, doinuak, partiturak, liburuak, papelak eta argazkiak be azalduko dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu