'Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile)'
2026-02-25 07:45 KultureaCarolina Valenzuela izango da hizlaria.
Bilboko Berreginen Museoak, Artelana bere testuinguruan zikloaren barruan beste berbaldi bat dakar, zezeilaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan, Carolina Valenzuelak eskainiko dauena.
2025-2026 ikasturtean zehar egingo diran berbaldiotan makinatxu bat gai jorratzeko asmoa dago. Hizlariak EHU, Madrilgo Unibersidade Autonomo, Karlos III.a Unibersidade zein Alcalako Unibersidadetik etorriko dira. Holan, lehenengo hiruhilekoan Antxinaroagaz eta politikeagaz lotutako gaiak jorratuko dira. EHU (Euskal Herriko Unibersidadea) eta UAMko (Madrilgo Unibersidade Autonomoko) adituek emon zituen berbaldiak eta aukerea eskaini eben Artelana bere testuinguruan zikloan inoiz landu bako gaiei buruz hausnartzeko.
Berbaldiak
- Urtarrilak 29: Oskar Aguado (EHU) - Koliseotik zinemara.
- Zezeilak 25: Carolina Valenzuela (Madrilgo Karlos III.a Unibersidadea) - Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile).
- Martiak 26: María del Val Gago (Alcalako Unibersidadea) - Pandora eta emakumeen leinu maltzurra.
- Apirilak 30: Gloria Mora (Madrilgo Unibersidade Autonomoa) - Masa-turismoa eta souvenirrak antxinako monumentuetan.
- Maiatzak 21: Jonatan Pérez Mostazo (EHU) - Made in Bilbo Antxinaroa. Botxotik Antxinaroa irudikatzen.
Hizlari guztiak ANIHO proiektuaren barruan dagoz, EHUko Antonio Duplá Antxinaroaren Historiako katedradunak eta Jonatan Perez Mostazok alkarlanean zuzendutako ikerketa-proiektua da. Taldeak Europako eta Latinoamerikako hainbat herrialdetako hogeinaka ikertzaile batzen ditu. Hamarkada bat baino gehiago daroa aztertzen Antxinaroak izandako rola beste garai batzuetako eztabaida politikoetan, identitarioetan eta historiografikoetan. Antxinaroak orainaldian eta hurreko joandakoetan zer rol dauen eztabaidatzeko momentua da orain: identidade likidoak, jaubetze politikoak, balio zibikoak, hezkuntzea…. Hitzaldi-ziklo honen bidez, gizartea eztabaida horreetan sartzea da asmoa.
Carolina Valenzuela (Madrilgo Karlos III.a Unibersidadea).
Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile) berbaldia eskainiko dau.
Zezeilaren 25eko berbaldia Carolina Valenzuelak emongo dau. Aitatu unibersidadeko irakaslea da, talentua erakarteko kontratu bati esker, eta Txileko zenbait unibersidadetan egin dau bere ibilbide gehiena ikerlari lanetan. Museoetan Antxinaroa eta historia jasoteko moduetan espezializau da.
Zenbaitetan gitxi ezagutzen dan errealidade bat azalduko deusku: independentzia lortu barri eben Latinoamerikako errepubliketako eliteek zelan erabili eben Antxinaroa euren proiektu kultural eta politikoetan. Ereduzko kasu batean oinarrituko da, Txileko Historia Naturaleko Museo Nazionalean, hain zuzen be. Zergaitik gogoratzen ditue antxinako greziarrak eta erromatarrak hareek bizi izan ez ziran lurraldeetan? Zeintzuk dira Atlantikoaz bestaldeko proiektu kultural eta politikoetan hareek txertatzearen asmoak?
Sartzea doban da baina parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea hemen.
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren alde egiten jarraitzen dau, izan be, hamasei urte baino gehiago daroaz hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen eta dagoeneko uriko kultura-erreferente nagusietakoa da.
Berreginen Museoak 2006ko zemendian edegi zituan ateak barriro Mariaren Bihotza eleiza zaharraren egoitzan eta Bizkaiko uriburuko zaharrenetakoa da, orain laurogei urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai jarritako erreprodukzinoen hautaketeagaitik eta kalidadeagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
