Motx pailazoak 'Oroitzapen ederrak' formatu handiko ikuskizuna estreinauko dau

Bizkaie! 2026-02-25 12:42

Martiaren 13an, Bermeoko Kafe Antzokian.

Urte bi baino gehiagoko lanak amaituta aurkeztuko dau Motx pailazoak [Iker Gonzalez Libano] bere lan barria: Oroitzapen ederrak ikuskizuna. Heriotzea eta dolua gai nagusi hartuta, ordubeteko formatu handiko ikuskizuna atondu dau. Bermeotarrak animau ditu lan barria ikusten hurreratzeko: orain arte aurkeztu dodan lanetatik handiena, politena eta ikusgarriena izango da.

Kontuak kontu, martiaren 13an, barikuan, arratsaldeko 18:00etan izango da estreinaldia Bermeoko Kafe Antzokian. Sarrerak salgai jarriko dira martiaren 2tik aurrera Gizarte eta Kultura etxean edota Bermeoko Udalaren webgunean.

Oroitzapen, gomuta eder bat ipuin-ilustradua oinarri hartuta istorioaren jarraipena egingo dau ikuskizun barrian. Horrezaz gan, kantu, sketch zein beste aktore batzuk aurkeztuko ditu eta, bere ustez, saio oso dinamikoa eta dibertigarria gelditu da: hemendik aurrera ez naz oholtza gainean bakarrik agertuko, beste aktore batzuk batu jakuz eta dagoeneko talde ederra sortu dogu eszenatokiaren gainean.

Heriotzearen pedagogia egiteko jarrerea hartu eban Motx pailazoak bere lehenengo ipuin-ilustraduan [Oroitzapen eder bat] eta proiektuaren ondorengoa izango da ikuskizun hau. Hain zuzen be, Martintxo bere lagunik onenak begiak zarratu baititu betirako baina gomuten bitartez Motxen alboan jarraituko dauela erakutsiko deutse bertaratutako ikusleei, baita gomuta ederretan sartzeko aukerea emon be ordubeteko saioan.

Hil Argi alkartea eta Gehiago Gara ekimenak izan ditu aholkulari lan barria prestetako bidean. Hori dela eta, horreek emondako babesa azpimarratu eta eskertu ditu Gonzalezek: Bizipoza alkartearen jai batean ezagutu nituan Bilbon eta ordutik hartu-emonetan jarraitu dgu eta plazerra izan da proiektu hau eurekaz konpartidutea. Asko lagundu deustie eta emondako aholkuek aparteko garrantzia izan dabe sormen prozesuan.

Beste alde batetik, nabamendu dau denporaldiri ekiteko prest dagoala eta ikuskizun barriaren kontratazinoa zabalik dagoela daborduko. Denboraldi honetan formatu txikiko ikuskizun bat be aurkezteko lanetan dagoala azpimarratu dau pailazoak: formatu handiagaz ezin izango gara joan leku batzuetara eta, beraz, emonaldi honen bersino txikia aurkeztea aztertzen gabiz, batez be, auzoko zein herriko jaietara eroateko. Bermeon ikuskizun barri hau ikusi zein gozetako aukerea bakarrenetakoa izango dala be aitatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu