HiTZ Katedrea, hizkuntzan oinarritutako Adimen Artifizialean aurrendaria Espainian

Bizkaie! 2026-02-24 10:50   Kulturea

Enpresen zerbitzura dagozan eredu edegiak bultzatzen dabil.

Euskal Herriko Unibersidadeko HiTZ Katedreak bere eginkizun estrategikoa sendotzen jarraitzen dau Euskadiko Adimen Artifizialaren ekosisteman eta 2026ari erronka barriaka ekingo deutso, hizkuntza-ereduen, ahots-teknologien eta adimen artifizial aplikaduaren garapenaga lotuta.

Adimen Artifizialean eta Hizkuntza Teknologietan espezializautako Estatu osoko katedra bakarrak bere Katedraren Eguna ospatu dau, lidergoa sendotzea, industriaren eta ikerketearen arteko lankidetzea indartzea eta sortutako ezagutzak euskal sare ekonomikora transferidutearen bizkortzea helburu hartuta.

Ezagutzearen transferentzia oinarrizkoa da adimen artifizialak Euskadin benetako balioa sortu daian, azpimarratu dau katedrako zuzendariak, Aitor Soroak.

EHUko Adimen Artifizialeko eta Hizkuntzaren Teknologiako HiTZ Katedreak bere eguna ospatu dau. Jardunaldi horretan unibersidadeko, zentro teknologikoetako eta enpresetako ordezkariak batu dira, adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien erronka eta aukera nagusiak aztertzeko, baita katedrearen 2026rako ikuspegia konpartiduteko be. Topaketan, ekosistema kolaboratibo honetako kide diran Avature, Tecnalia, Ikerlan, Orai NLP eta Multiverse Computing erakundeetako ordezkariek parte hartu dabe.

Jardunaldiaren ondoren, katedrako zuzendariak nabarmendu dau 2026rako helburu nagusia dala HiTZ Katedrea Euskadin Adimen Artifizialean eta Hizkuntza Teknologietan erreferentziazko zentro lez sendotzea, ikerketaren eta haren aplikazino praktikoaren arteko zubi-lana indartuz produktu eta zerbitzu berrietan.

Ikerketa-arlo barriak zehazteaz gan, jardunaldiak arreta berezia jarri dau unibersidadearen, zentro teknologikoen eta industriaren arteko sinergiak sustatzean, ikerketa garapen zehatzetara eroateko.

Katedraren estrategiak gure ingurunearen beharretara egokitutako hizkuntza-eredu handiak eta ahots-ereduak jorratzea dau ardatz, lizentzia edegiak banatzea eta enpresei horreek egokitu eta ustiatzeko laguntzea, soluzino berritzaileak sortu deiezan. Bide hori Avature, Ikerlan, Tecnalia eta MasOrange lako erakundeakaz aztertzen gabiz, azaldu dau Soroak. Zehaztu dauenez, estrategia horrek aukerea emoten dau eredu horreen garapena beste erakunde batzuen teknologiakaz buztartzeko, besteak beste, Orai edo Multiverse Computing-ek landutako teknikakaz, eredu handiak egokitu eta industriarentzat eskuragarriago bihurtzeko.

HiTZek landutako aplikazinoek eta ereduek eragina dabe industria, osasuna, sektore publikoa, hizkuntza eta kulturea lako arloean, eta eskuragarri dagoz, enpresa-urtenbide barrien oinarri lez. Sortutako ereduak hemen konsultau daitekez. 

Prestakuntza eta nazioarteko talentua erakartea

Prestakuntza eta talentua erakartea dira HiTZ Katedrearen beste zutabe nagusietako batzuk. Horretarako, EHUk eskaintza akademiko sendoa dauka: Adimen Artifizialeko gradua, AAko master espezializadua (KISA), AA eta Hizkuntza Teknologietako masterra (HAP/LAP) eta etenbako prestakuntza-programak.

2025eko balantzea

Jarduera ikertzaile eta akademiko handia erakusten dau. Gaur egun, katedreak hiru doktorego-tesi ditu martxan, AA eta hizkuntza-teknologien arloko gai estrategikoei buruzkoak: hizkuntza-ereduetan alborapenak antzemotea, tamaina txikiko hizkuntza-ereduen ikerketea eta RAG sistemak medikuntzan. Lehen biak Avature enpreseagaz alkarlanean datoz.

Era berean, HiTZ ekosistemako erakundeen arteko ikerketa-proiektu bateratu barriak definidutea sustatu da. Bestalde, katedrako erakundeek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditue 2025ean eta LREC Conference 2026 nazinoarteko kongresua atontzeko lanean dabiz (maiatzaren 11tik 16ra Palma de Mallorcan egingo dn kongresu horrek mundu osoko 800 ikertzaile baino gehiago batuko ditu).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu