Martiaren 8ko kanpaineak bardintasun guneak eremu guztietan babestu eta zabaltzeko beharra dakar

Bizkaie! 2026-02-25 07:55   Kulturea

Emakumearen Nazinoarteko Egunaren harian, Emakundek, hiru aldundiek eta EUDEL dira Emon tokia bardintasunari kanpaineren sustatzaileak. Aurrerapenen bidea estutu nahi daben diskurso antifeministen aurrean, kanpaineak emakumeen eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko aldarrikapena dakar, bizitzako arlo guztietan bardintasunerako guneak defendiduteko eta zabaltzeko konbita da, bardintasuna ez baita lorpen bermatua, jagon eta babestu beharreko espazioa baino.

Kanpainearen aurkezpenean parte hartu dabe Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Iñaki Gurtubai Arabako Bardintasun, Euskera eta Gobernantzako foru diputaduak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Bardintasun zuzendariak, Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasun zuzendariak eta Esther Apraiz EUDELeko presidenteak.

Gainditutzat joten ziran eta bardintasunaren eta justizia sozialaren kontrako oinarrizko eskubideak dudan jarten dituen diskursoak berpiztu egin dirala gogoan hartuta, euskal erakundeek bizitzako arlo guztietan bardintasunerako espazioak berreskuratzera eta horreei eusteko animau dabe.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak zehaztu dauenez, bardintasunaren aurrerapenen eta feminismoaren lorpenen aurrean mundu mailako erantzuna dago. Eta diskurso horreek aurrera egiten dabenean, bardintasunak atzera egiten dau. Mehatxu horren aurrean, eta atzera bueltarik ez izateko, kanpaineak bardintasun-guneak zabaltzeko animetan dau: bardintasunaren espazioa babestu behar dogu atzerapausorik ez izateko..

Emakundeko zuzendariak hainbat adibide erakutsi ditu bardintasun-ingurune horreek zelan berreskutu azaltzeko: lan-eremuan bardintasun-planak benetan aplikauta, hezkuntza-arloan estereotipoak ezabatzen laguntzen dauen Hezkidetzea bultzatuz edo etxeko zereginen eta jagoletza lan orekatua sustatuz. Baita hedabideetan eta sare sozialetan be, gorroto eta desinformazino-diskursoak salatuz; administrazinoetan, genero-ikuspegia txertatuz erabagi politiko bakotxean; eguneroko bizitzan, gure jarrerak barrikusten bardintasunaren ikuspegitik, eta emakumeei askatasunez eta indarkeria matxistea sufriduteko mehatxurik barik biziteko aukerea emonez.

Materialak Emakunderen webgunetik deskargau daitekez

Kanpainaren goiburuaren harian, Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Bardintasun, Euskera eta Gobernantza foro diputaduak bardintasunaren aurrerapenak geldiarazo nahi dituen diskursorik bako espazioak eskatu ditu: Martiaren 8an duintasun, deskantsu eta aukera gune barriak eregiteko konpromisoa berresten dogu, emakume guztiak askatasun eta bardintasun osoz bizi, erabagi eta aurrera egin ahal izateko, gaineratu dau.

Bestalde, Trinidad Lourdes Vicente Bizkaiko Bardintasun zuzendariak adierazo dauenez, Martiaren 8an, emakumeek lekua eta ahotsa irabazten dabenean, demokrazia indartu egiten da. Horregaitik, kanpaina honegaz kontzientzia sortzea da asmoa, benetako aldaketak sustatu eta herritar guztiak inplikau konpartidutako erronka honetan.

Gipuzkoako Bardintasun zuzendariak, Nerea Isasik, hedabideetan, sareetan eta alkarrizketetan leku gehiago hartzen saiatzen diran diskurso erreakzionarioak izan ditu berbagai: emakumeen eta gizonen bardintasunean sinisten dauen gizartea da gurea, bardintasun erreal eta eraginkor baterantz aurrera egiten jarraitzen dauena. Ezin ditugu diskurso horreek normalizau edo onartu eta garrantzitsua da ohartarazotea eta erne egotea.

Esther Apraiz EUDELeko presidenteak udalen inplikazinoa nabarmendu dau diskurso antifeministei aurre egiteko: oinarrizko zeregina dogu gure udalerrietan bardintasun-guneak zabaltzeko eta babesteko. Herritarren eskutik, bardintasuna egunerokotasunean eregiten da: auzoetan, eskoletan, bulegoetan, alkarteetan, hartu-emon bakotxean

Kanpainea martiaren 8ra arte egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu