Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak atondu ditue Aste Santurako
2026-02-25 12:29 KultureaMartiaren 28, 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean.
Urtero lez, Bermeoko Udalak Aste Santurako bisita gidatuak atondu ditu Gaztelugatxeko San Juanera. Zerbitzua Bermeotik izango da, martiaren 28, 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean.
Bisita gidatuen iraupena hiru ordu ingurukoa izango da eta Lamerako autobus geltokitik hasiko dira 10:00etan eta 12:00etan. Bisitek hiru helburu nagusi ditue: garraio publikoa sustatzea CO2 emisinoak murrizteko eta aparketako arazoak ebitetea, bisitariak Bermeora erakartea, eta horreek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diran jasotea.
Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu honeen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukerea izango dabe, bermeotarren sinismen, erritu eta ohituren bidez; baseleizea be bisitautako dabe.
Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukerea be izango dabe erreserbea egiten dabenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra be badago, itsasargi bi tartean dirala. Holan, inguruko historiari eta jarduereari lotutako baliabideak eta bitxikeriak be azalduko deutsee.
Daborduko erreserbak egin daitekez hemen. Nagusiek 10 euro ordaindu beharko ditue; 6 eta 12 urte bitartekoek, barriz, 5 euro; eta doban izango da 6 urtetik beherakoentzat. Gehienez, 6 urtetik beherako ume bi joan ahal izango dira helduen erreserba bakotxeko. Informazino gehiago behar dabenek Turismo Bulegoan bertan eskatu leikie, 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus postara idatzita edo www.bizibermeo.eus webgunean bertan.
Ingurune babestu hori guztion artean jagon behar dogu. Zerbitzu honegaz Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatzea da asmoa, ikuspegi ekoturistikoa oinarri hartuta, adierazo dabe Turismo Bulegoko arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
