Sancti Spiritus egoitzeak Gabantxoren 'Saregiñek' margolana jaso dau

Bizkaie! 2026-02-23 12:38   Kulturea

Artisteak egoitzeari egiten deutson bigarren dohaintza da.

Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzeak Jose Manuel Gabantxo margolari bermeotarraren beste dohaintza bat jaso dau. Itsasoan eta itsas tradizinoan inspirautako lanengaitik ezaguna dan artisteak, oraingoan, Saregiñek izeneko margolana emon deutso egoitzeari.

2021ean sortutako lan horrek Bermeoko portuko arrantzaleen eta saregileen eguneroko bizitea erakusten dau, itsas jardunaren atzean dagoan lan isila eta komunidadearen indarra agirian itxiz. Kolore eta zehetasunen bidez, herriaren itsas izaerea eta memoria kolektiboa margolan batean batu ditu Gabantxok. Produkzinoa, gainera, aparteko zabaltasun eta jarraikortasunekoa da: arrantza-gaiei lotutako ehundaka obra sortu ditu urteotan.

Bestalde, Julio Ruiz de Velascok arrantzale ohiaren ibilbide artistikoa batu dau. Argitalpen batean jaso ditu, arrantza-tematikako 50 eta 60 margolanen irudiak; horreek Gabantxoren bilduman dokumentauta dagozen 446 lanen artean aukeratu ditu. Zehetasun guztiekaz batu ditu lanok eta herriaren ondare artistikoaren lekukotasun esanguratsua osotzen dabe. Dohaintzea, artisteak egoitzeari egiten deutson bigarrena da; izan be, igaz Bermeoko enbarkazinoak margolana emon eban (egoitzako areto nagusian dago ikusgai).

Saregiñek margolana egoitzako areto nagusian jarriko da ikusgai, egoiliarrek eta bisitariek egunero disfrutau ahal izan deien. Lan horrek, espazioa edertzeaz gan, akorduak, alkarrizketak eta bizipen partekatuak bizteko balio izango dau, batez be, itsasoagaz lotura zuzena izan daben belaunaldien artean.

Gaur goizean, hilak 23, zaharren egoitzan bertan, Saregiñek margolana udal ondasunen barruan geratzen dala baieztatzeko dokumentua sinatu dabe. Ekitaldian Bermeoko Udaleko ordezkariek, egoitzako arduradunek eta egoiliarrek parte hartu dabe.

Bermeoko Udalak eta Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzako komunidade osoak eskerrik beroenak emon deutse Jose Manuel Gabantxori, egindako ekarpenagaitik eta herriaren ondare artistikoa aberasten jarraitzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu