Oier Ibarretxe boxeolariak ibilbide olinpikoa eta profesionala buztartuko ditu

Bizkaie! 2026-02-23 13:43   Kulturea

Galdakaoko kirolariak martiaren 14 egingo dau debuta, La Casillan.

Gaur, hilak 23, aurkeztu dabe prentsaurrekoan, San Mames Estadioan, Oier Ibarretxeren debuta arlo profesionalean. Aurkezpenean, Basque Teameko boxeolariak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria izan dau lagun. Horrezaz gan, ondoko honeek be izan dira: Jon Uriarte (Athletic Clubeko presidentea), JHM promotorako kideak eta diziplinan espezializautako kazetariak, esaterako, Pedro Mari Goikoetxea.

Ibarretxe, Basque Teameko bekaduna da (2024) boxeo olinpikoan lortutako emoitzakaitik. Oier harro dago euskal eliteko kirolari izateagaitik; hori dala eta, batasuna eta atxikimendua agirian ixten dituan jazkerea eroatea erabagi dau. 

Ibarretxe txikitatik lehiatu izan da boxeo amateurrean. Gainera, 2024an Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatu zan, Emilio Garcia estadubatuarrari Bangkokeko preolinpikoan irabazi ondoren.

Hitzordu olinpikoan egotea funtsezko urratsa izan zan haren ibilbidean. Parisen -63,5 kilogramoko kategorian lehiatu zan, baina lehen kanporaketan Bazarbay Mukhammedsabyr kazakhstandarraren kontra galdu arren, emoitza hori sano baliotsua izan zan. 

Ibarretxek behin baino gehiagotan adierazo dau bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunagaz lotzen jarraitzeko asmoa dauela. Halanda ze, Los Angeles 2028ko Jokoak dira helburuetako bat.

Bestalde, martiaren 14an, La Casillak sekulako boxeo galea hartuko dau, izan be, goi-mailako boxeolariak izango dira. Halanda ze, 22 urteko galdakoztarraren estreinaldi profesionala izango da. Bertan, Jon Jonfer Fernandez (Europako Txapelduna), Jokin Garcia, Gianluca Ceglia eta Somay Bilal lako kirolariak izango dira. 


Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu