Oier Ibarretxek brontzea eskuratu dau Boxam International Txapelketan

Bizkaie! 2026-02-09 08:20   Kirola

Muixara Pabilioian, La Nucian.

Oier Ibarretxek, Basque Team Fundazinoko bekea dauen boxeolariak, brontzea eskuratu dau Boxam International Tournament Elite 2026an, Muixara Pabilioian, La Nucian. Torneoak gizonezkoen eta emakumezkoen elite mailak batzen ditu, halanda ze, 20 herrialde baino gehiagoko 300 boxeolarik parte hartu dabe.

Oierrek brontzezko dominea irabazi dau haren kategorian hiru burrukaldi egin ondoren: lehena Belgikako ordezkariaren, bigarrena Kanadakoaren eta hirugarrena, finalerdia, Ukrainakoaren kontra.

Oier La Nucian ibili da entrenetan. Urtarrilaren 26tik, Combat Sport Center hainbat herrialdetako 200 kirolari tekniko eta entrenatzaileren entrenamendu-lekua konbertidu da: Espainia, Ukraina, Txina Taipei, Erresuma Batua, Kazakhstan, Suitza, Eslovakia eta Herbehereak prestaketa jardunaldietan izan dira.

Selekzino olinpikoek hor jorratu ditue euren denporaldia eta egutegiko hitzordu nagusiak, esaterako World Boxing Cup Stage 1 Brasilen eta European Boxing Championship Bulgarian. 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoei begira, olinpiar-aurreko rankingerako puntuetan daben probak dira aitatutakoak.

Galdakaoko boxeolariak 2024ko Parisen egin eban debuta Joko batzuetan, Kazakhstango Bazarbay Mukhammedsabyri aurre eginez. Ikasketa ona izan zan haren mailako boxeolari onenetako bati aurre egin behar izatea. Igaz, Liverpooleko 2025eko Elite mailako Munduko Txapelketan parte hartu eban. Erislandy Alvarez kubatarraren kontra galdu eban, egungo boxeo olinpikoaren izen handienetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu