Bizkaiko euskerearen corpusa bultzatzeko programak finantzietea da asmoa
2026-01-12 07:45 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Fundazioak lankidetza-hitzarmen barri bat adostu dabe
Aitor Aldasoro, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol diputadua; eta Igone Etxebarria, Labayru Fundazinoko zuzendaria izan dira, alkarlanerako oinarri orokorrak ezartzen dituan esparru-hitzarmena sinatzeko eitaldian.
Aitor Aldasorok, Hizkuntza Politikako sailburuak, azpimarratu dauenez, euskalkiak jagotea, eta kasu honetan, bizkaierea jagotea, euskera batuaren eta tokikotasunaren garrantzia aotortzea da asmoa. Era berean, hitzarmenaren izaera publiko-pribatuan jarri dau indarra.
Bestalde, Leixuri Arrizabalagak zehaztu dauenez, euskerearen eta euskal kulturearen aldeko hiru erakundeen arteko alkarlana eta konpromisoa sendoa da; Labayru Fundazinoaren ibilbidea emonkorra eta bizkaierearen lanketeari eta bultzadeari egiten deutson ekarpena sekulakoa.
Azkenik, Igone Etxaberriak, Labayru Fundazinoko zuzendariak, adierazo dauenez, hiru erakundeon arteko alkarlana ezinbestekoa da Fundazinoaren proiektu garrantzitsuakaz aurrera egiteko, zehatz, bizkaierearen lexikografian eta gramatikan: euskerarako eta Euskal Herrirako euskera orokorrari bizkaitarretik egiten deutsagun ekarpena oso garrantzitsua da, bertako euskereari lekua emoten baiteutsagu. Egun sarean lexikografia dogu eskuragarri eta, datozen egunetan, gramatikea jarriko dogu, hitzarmen honi esker martxan jarritako proiektua.
Hitzarmen honen barruan jasoten diran ekintzen artean, Labayru Fundazinoak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeagaz konpartiduko ditu corpusak, izna be, horreek eskuratzeak aukerea emongo baitau etiketetako, kode edegian oinarritutako ereduak sortzeko, hizkuntza-teknologiak sortzen dituan erakundeen eskura jarteko eta hizkuntza-teknologien industria sustatzeko. Holan, euskara hizkuntzaren teknologietan integratzen eta aplikazioak eta tresnak erabiltzaileen eskura jartzen jarraituko da.
Horrezaz gan, Labayru Fundazinoak, lankidetzan jardungo dau unibersidadeakaz eta beste erakunde akademiko batzuekaz hizkuntzalaritzearen arloko ikertzaileak trebatzeko. Jarraipen Batzorde bat arduratuko da hitzarmenean aurreikusitako jarduerak aztertzeaz eta garatzeaz, eta ordaindutako gastuen jarraipena egingo dau.
Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Fundazioak sinatutako akordioa lau urterako aurreikusten da, 2025-2028 aldirako. Lankidetza hitzarmen honegaz dagoeneko 25 urte dira hiru erakundeek euskal kulturearen alde alkarregaz lan egiten dabela.
Labayru Fundazinoa
Funazinoa 1977an sortu zan euskal hizkuntzea eta kulturea ikertu, sustatu eta zabaltzeko. Helburu horreek lortzeko hainbat arlotan egiten dau lan, bai ikerketan, bai dibulgazinoan: irakaskuntzan, itzulpengintzan, herri-ondarea batzen, euskerearen erabilerea normalizetako planak zehazten, etnografia, lexikografia, toponimia...
Gaika atondutako Euskal Bibliotekea ezinbesteko osogarria da lan horretarako eta Euskal Herriari, bere hizkuntzeari eta inguruko lurraldeei buruzko ondare bibliografiko eta dokumental baliotsua gordeten dau: liburutegia, hemerotekea, dokumentu-artxiboa, argazki-artxiboa, ikus-entzunezko funtsa, kartelak eta bestelako dokumentazinoa.
Labayru Fundazinoa euskera mintzatuaren erreferentziazko erakundea da Bizkaian. Alde batetik zerbitzuak emoten ditu: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskerearen erabilera planak. Eta bestetik, ikerketara bideratutako zentroa da, batez be euskerea, literaturea, etnografia eta bibliografia lako arloetan. Jarduera biak estu lotuta dagoz, ikerketearen emoitzek zerbitzuetan dabelako eragina eta argitalpenen oinarria diralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
