Frantziako Hezkuntza ministroak Ipar Euskal Herriko parlamentariak errezibiduko ditu

Bizkaie! 2026-01-08 10:34   Euskerea berbagai

Baxoa Euskaraz.

Euskerazko irakaskuntzea eta ikasleek baxoko frogak euskeraz egiteko aukera izango dira Hezkuntza ministroaren, Euskal Herriko parlamentarien eta Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko alkarrizketen ardatz nagusiak.

Datorren astelehenean, urtarrilaren 12an, Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta Euskerearen Erakunde Publikoko ordezkariak Frantziako Hezkuntza ministro dan Édouard Geffray-k hartuko ditu Parisen. Eztabaideak euskerazko irakaskuntzeari eta ikasleek baxoko frogak euskeraz egiteko aukereari buruzkoak izango dira, Berezitasuneko frogak eta Ahozko Handiaren frogeari buruz, zehatz.

Joan dan urriaren 12an Hezkuntza ministro izentautako Édouard Geffray 2021eko abenduaren 17ko zirkularraren sinatzailea be bada, hizkuntzen irakaskuntzeari buruzkoa. Sasoi haretan, Eskola
Irakaskuntzearen Zuzendari Nagusia (DGESCO) zan, Jean-Michel Blanquer ministroaren agindupean, eta arau-esparru hori ezartzen lagundu eban.

Molac legearen ondotik, Konstituzino Kontseiluak zati batean legea baliobakotua izan zanean, zirkular horrek murgiltze-ereduko irakaskuntzea autortu eban irakaskuntza elebidunaren barruan método pedagogiko lez. Adierazoten dauenez, ibilbide elebidun hori egin daben ikasleek batxilergoan eskualdeko hizkuntzan egin leikiez frogak. Beraz, espero dogu ministroak konpromiso hori betetea eta, nahi daben ikasleentzat, baxoko frogak euskeraz egiteko aukerea edegitea.

Ministroagaz batera Bordeleko Akademiako errektorea, Jean-Marc Huart, izango da eta ha be eskola Irakaskuntzako zuzendari nagusi ohia da. Joan dan maiatzaren 23an Baionan atondutako Danborradearen ondoren —5.000 lagun batu zituana—, errektoreak jentaurrean adierazo eban euskerazko baxoari jagokonez aurrerapen errealak lortzeko lan egtingo ebala. Helburua da ikasleek Berezitasuneko frogak eta Ahozko Handiko frogea euskeaz egin ahal izatea.

2025eko bagilaren 2an, bilerea egin eben Bordeleko errektoretzan DGESCOren, errektoretzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren artean. Baxoko espezialidade desbardinetan dabizen ikastetxe
publiko eta pribatuetako irakasle euskaldunak identifikau ziran. Baieztatu zan hainbat diziplinatan irakasle kualifikatu kopuru nahikoa badagoala idatzizko eta ahozko probak euskeraz egin ahal izateko. 2025eko bagilaren 12an, Matignonen lehen ministroaren zerbitzuakaz egindako bileran be baieztatu eben gobernuak ez ebala euskerazko probak egitearen kontra egingo, betibe zuzentzaile nahiko egon ezkero.

Beste alde batetik, 2026ko baxoko deialditik aurrera, matematikako frogea aurreratu bat gehituko da. Matematikako frogea euskeraz egiteko aukerea 2012an bertan onartu zan, Frantziako Hezkuntza ministro eta gobernuko bozeroaile zan Luc Châtelen erabakiz.

Horrezaz gan, irailean argitaratutako aginduak, froga aurreratu horren baldintzak zehazten dituanak, ez dau azterketea egiteko hizkuntzarik zehazten, ez frantsesa ezta eskualdeko hizkuntzak be. Kontrako argibiderik ezean, eta hartutako konpromisoak kontuan hartuta, ikasleak dagoeneko hasi dira matematikako frogea euskeraz prestetan.

2025eko irailaren 24an, Ipar Euskal Herriko parlamentariak Élisabeth Borne ministroak hartu zituan; harek parlamentariei euren eskaerei erantzun baikorra emoteko konpromisoa hartu eban, gobernua itxi aurretik, baina jarrera hori ofizialki ez eban berresterik izan.

Gaur egun, baldintza guztiak beteten dira Baxoko frogak euskeraz egiteko baimena emoteko, ministroak berak sinatutako zirkularragaz bat.

Azken buruan, Euskal Herriko ordezkaritzeak 2026ko ikasturterako irakasle-dotazinoei buruzko bermeak lortu beharko leukez. 2025eko ikasturtea oren-esleipen osogarriei esker bermatu ahal izan bada be, ikastolen ikasle-kopuruak hazten jarraitzen dau eta baliabideek hazkunde horren parekoak izan behar dabe euskerazko kalidadeko irakaskuntzea bermatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu