6.500 euskaltzale batu dira euskerearen Pizkundea bultzatzeko

Bizkaie! 2025-12-29 07:35   Euskerea berbagai

Kontseiluak aurrera begirako balorazino baikorra egin dau.

Erretratua: Ekaitz Zilarmendi. | Ikusi handiago | Argazki originala



Euskalgintzaren Kontseiluak atondutako Pizkundea ekitaldira hurreratutako milaka euskaltzalek Bilbao Arena bete eben. Kontseiluko ordezkarien eretxiz, ekitaldiaren erantzun bikainak erakutsi dau jente askorengan oso txertatuta dagoala euskaltzaletasuna, badagoela gihar hori indartzeko gogoa eta preminea. Badagoela hizkuntzearen auziaz berba egiteko, euskereak sortzen deuskun kezkaz berba egiteko, eta alkarguneak sortzeko beharra, izan be, azken ikerketa eta datuek erakusten daben euskerearen larrialdi egoereari erantzuteko ezinbestekoa da euskaltzaletasuna indartzea. Kontseiluak bide horretan lanean jarraituko dau, euskaltzaleok ekiteko sasoia baita: leku guztietan atontzeko, hiztun komunidadea ahaldundutzeko, euskerea eta euskaltzaletasunari eusteko garaia eta horretarako proposamen berezia aurkeztu dau Kontseiluak, Euskaltzaleon gidea izenekoa, www.pizkundea.eus webgunean ikus daitekeena.

Era berean, euskalgintzeak aspalditik aldarrikatu dauen lez, euskerearen bizibarritzeak aldaketa sakona behar dau, hizkuntza-politiketan saltoa, adostasun sozial eta politiko barri batean oinarrituko dana. Euskeraz biziteko behar diran baldintzak bermatzeaz gan, egun indarrean dagozan minorientzako politiken paradigmea gainditu eta euskerearen normalizazinoa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko dauena. Esangura horretan, Kontseiluak, askotariko ehundik gora eragilegaz batera, irailean aurkeztutako Itun Soziopolitiko barrirako eskaintza proposamena ekarri dau gogora, euskerearen ezagutzea orokortu eta erabilera normalerako baldintzak sortzea helburu dituana. Gizartean daben erabagimen eta eragin gaitasunetik, Kontseiluak erakundeei eta indar politikoei eskatzen deutse proposamena aintzat hartu deiela.

Era berean, euskeratik eta euskeraz sortutako kulturea ezinbesteko unibersoa dala euskeraz aurrera egingo badau, eta euskerea bizibarritzeko ezinbestekoak dirala euskerazko kulturearen aldeko kulturpolitika sendoak egitea.

Bien bitartean, datorren bagilaren 13an, Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatzeko mobilizazinoa deitu dau Kontseiluak. Datozen hilabeteetan zehar ezagutzera emongo dira xehetasun guztiak

Euskereak dituan erronkei aurre egiteko batasun handiagoa behar dau

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbao Arenan atondutako Pizkundea ekitaldian izan da eta bertan, euskerearen etorkizunerako ahalegin kolektiboaren beharra nabarmendu dau, euskereak aliantza zabalak, erantzukidetasuna eta gero eta batasun handiagoa behar dituala azpimarratuz.

Lehendakariordeak azaldu dauenez, Eusko Jaurlaritzeak gonbidapena jaso dau ekitaldira joateko eta baietza emon dogu, euskerea danona dalako eta danok behar gaitualako. Haren esanetan, euskerearen etorkizuna ez dago orain arte hizkuntzeagaz konprometiduda egon diran eragile edo instituzinoen esku bakarrik, izan be, euskeratik urrun dagozan herritarren inplikazinoa be ezinbestekoa da. Bengoetxeak ondokoa nabarmendu dau: euskereak jente gehiago behar dauela: sektore gehiago, eremu gehiago eta herritar gehiago, eta behar dan saltoa batez ere, soziala dala.

Testuinguru horretan, lehendakariordeak berretsi egin dau Eusko Jaurlaritzeak euskerearen normalizazinoagaz dauen konpromiso argia, eta euskereak bizikidetzarako eta aukeretarako hizkuntza bizi lez dauen etorkizunagaz. Azpimarratu dau etorkizun hori leku askotatik eregi behar dela eta hortxe kokatu dau Gobernuak martxan jarri dauen Jauzia Gara proiektua, euskerearen erabilerea eguneroko bizitzako esparru guztietan sustatzeko eta gizarte osoaren inplikazinoaga salto kualitatiboa emoteko.

Ekitaldian, Bengoetxea lehendakariordeaz gan, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendaria be izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu