2025eko 25 berba hautatu ditu UZEIk
2025-12-22 13:12 Euskerea berbagaiHorreen artean, Zetak musika-taldearen ikuskizun arrakastatsuaren izena: Mitoaroa.
Hedabideetan eta sare sozialetan zeresana emon daben 25 berba batu ditu UZEIk, 2025. urteko jazoera eta joeren errepaso bezela.
Zerrendan, beste hizkuntzetatik hartutako berbakaz batera, euskeratik bertatik sortutako esamoldeak be jaso dira, esaterako, Mitoaroa (Zetak musika-taldearen ikuskizun arrakastatsuaren izena) edo Harausta (Biarritzko La Negresse auzoaren garai bateko izena).
Nabarmendu da AEBko gobernuaren politikak eta, batez be, Donald Trump presidentearen erabagi jakin batzuek ekarri daben esamesa: horren adibide dira Mexikoko golkoa, narkotxalupa edo UZEIk eta Euskaltzaindiak urteko berba bezela hautatu daben muga-zerga.
Ingurumenari buruzko albisteen harian be, betiko lez, berba-bildumea sartu da aurtengo zerrendan. Holan, zeharka bada be, otsoak birritan izan dira aitagai, otso-mueta bat desiraungi egin ei dabelako zientzialariek, edo txerri-izurria gauzatu daben basurdeak hainbeste ugaritu izanaren arrazoietako bat otsorik eza dalako.
Mugaren bestaldetik heldutako albisteek be errastu nabaria itxi dabe aurtengo zerrendan. Aitagarriak dira, adibidez, ur minerala ardatz izan dauen eskandalua, edo Emmanuel Macronek soldadutza barriro indarrean jarteko asmoa iragarri izana. Haren emazte Brigittek feminista-talde bati buruz esandako berba batzuk be (alu zikinak) zerrendan sartu dira.
Zerrendan jasotako berbak urtean zehar agertu edo nabarmendu diran jazoeren segida kronologikoari jarraituz atondu dira.
Berba horreen erabilerea testuinguruan kokatzeko asmoz, hedabideetako eta sare sozialetako zenbait adibide jarri dira. Adibide horreek erabilerearen erakusgarri soilak dira, eta ez dabe bestelako erreferentzia-baliorik.
Zerrenda osoa hemen konsultau daiteke.
Hautaketa-erispideak
Zerrendearen helburua da eguneroko lexikoak urtebetean izandako bilakaerearen isla eskaintzea; beraz, ez dau zerrenda zarratu edo osoa izateko asmorik.
UZEIk eten barik aztertzen dau hedabideetako berbakerea, hizkuntzearen prozesamendu automatikorako eta bestelako lanetarako berba eta terminoak batuz. Bilduma horretatik hasita egin da urteko hautaketea, euskerearen barritzeko ahalmena eta erabilerearen dinamismoa azpimarratzeko helburuakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
