Pantxoa eta Peiok bigarren kontzertua iragarri dabe

Bizkaie! 2025-12-19 09:35   Musikea

Peio Ospital: 'Eskerrik asko egin deuskuzuen harrereagaitik'.

Peio Ospital: barri hau emozino handiz hartzen dot. Eskerrik asko egin deuskuzuen harrereagaitik, ia hau guztia ondo ospatzen dogun.

Pantxoa Carrere: bihotz-bihotzetik eskertzen deutsuet, asko hunkitzen nau holako harrereak. Negar egiteko gogoa emoten dau. Zein ederra dan jentearen maitasuna.

Publikoak emon deutsen babesa ikusita, bikoteak bigarren kontzertua aurkeztu dau. 2027ko urtarrilaren 9an izango da, Barakaldoko Bizkaia Arenan (BEC!). Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai (abenduaren 22an) pantxoaetapeio.eus atarian.

Pantxoa eta Peio euskal kantagintzearen historian inportantzia ukatuezina izandako bikotea da. 40 urtetik gorako ibilbidearen ondoren, 2027ko urtarrilaren 9 eta 10ean, Barakaldoko Bizkaia Arenan (BEC) eskainiko daben Azken Dantza izeneko kontzertuekaz amaierea duin eta partekatua emon gura deutse euskal kulturearen historian errastu nabarmena itxi dauen proiektuari.

1960ko hamarraldiaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran euskeraz kantetea burruka egiteko modua zan. Halanda ze, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital aldarri horren bozgorailu izan ziran. Manex Pagola, Telesforo Monzon, Manex Erdozaintzi-Etxart, Xalbador, Jean Louis Davant, Roger Idiart, Xabier Lete eta beste hainbat idazleren berbak musikau zituen eta, ustebakoan, belaunaldi askorentzako ereserki konbertidu ziran kantu horreek.

Peiok eta Pantxoak 1969an argitarau zituen lehen kantuak eta 2009an barrienak. Tartean, milaka kantaldi eta 18 argitalpen itxi ditue.

Azken Dantza ez da agurra, euskal kantagintzeak euskal herriaren historian eta Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko hartu-emonean izandanako garrantziari autortza hunkigarria izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu