'Hizkuntza bat ez da galtzen inmigrazinoaren erruz'

Bizkaie! 2025-12-19 08:57   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak Hizkuntza harrerarako ardatz batzuk topaketea atondu dau.

Gurera etorri diran migratzaileak izan dira Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak Hizkuntza harrerarako ardatz batzuk jardunaldiaren protagonistak. Topaketea, Migratzaileen Nazinoarteko Egunean egin da, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan (Bilbo). Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin deutsee ondoetorria konbidau eta hizlariei.

Ikuspegi demografiko, sozial eta ekonomikoak buztartuz, argi dago immigrazinoak funtsezko eginkizuna dauela gaur egungo eta etorkizuneko Euskal Autonomia Erkidegoaren konfigurazinoan. Horrenbestez, egiturazko fenomenoa izanik, ezinbestekoa da maila guztietan, eta, batez be, politika publikoetan, populazino horren behar eta ilusinoak diseinu-prozesuaren erdigunean jartea; horrek aukerea emongo dau-eta gizarte kohesinonatuagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa egiteko. Ikertzaileek, unibersidadeko irakasleek eta migratzaileen hainbat alkartetako ordezkariek parte hartu dabe jardunaldian.

Migrazino-fenomenoa Euskal Autonomia Erkidegoan nahiko barria izan arren, eraldaketa handia ekarri dau. EINeko azken datuen arabera, 2025eko urriaren 1ean, atzerrian jaiotako 333.009 persona egoazen erroldatuta EAEn, populazino osoaren % 14,8, hain zuzen be. Beraz, azken 22 urte honeetan, atzerritar jatorriko biztanleria laukoiztu egin da hiru lurraldeetan. Horrezaz gan, migrazino-fluxuak gero eta ugariagoak dira eta horreen hazkundea ez da homogeneoa izan etapa guztietan. Hau da, EAEko biztanleria azkar dabil aldatzen. Hain zuzen be, Julia Shershneva Ikuspegi Behatokiaren zuzendaria eta EHUko irakasle agregadua izan da migrazinoaren egungo mapearen datu horreek emon dituana. Kopuruez gan, bestelako datuak be emon ditu Shershnevak: gurera heldu diran migratzaileen edadea, jatorrizko herriak...

Ondoren, Alberto López Basaguren EHUko Konstituzino Zuzenbideko katedradunak eta Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibersidadeko irakasle eta ikertzaileak hizkuntzen konkurrentziarako gida praktikorako oinarri filosofiko-politikoak adierazo ditue. Bien artean azken hamarkadetan euskereak sufridu dituan gorabeherak aztertu ditue, baita egoera gazi-gozoari heldu be. Beraz, agirikoa dana adierazo dabe: ofizialki aldarrikatu eta ia 50 urtera, euskaldunak dirala euren herrialdean eta hizkuntza-eskubideen kontrako eraso etenbakoak jasaten dituenak; eta gaztelania, barriz, hizkuntza frankoa, menderatzailea eta lehen ofiziala dala.

Etsipenean jausi gabe, aurrera egin behar dogula azpimarratu dabe irakasle biek, hausnarketa sakonak eginez eta plangintza zehatzak ezarriz. Immigrazinoa behar-beharrezkoa dala esan dabe, gure gizartea zahartzen dagoalako eta demografikoki atzera egin dauelako nabarmen. Baina, euren eretxiz, horrek ez dino eragin handirik egingo euskerearen bizitasunari: immigrazinoa ez da euskerearen arazo nagusia, hizkuntza bat ez da galtzen immigrazinoaren erruz. Gizarte berean hizkuntzak alkarregaz bizitea atzeratuezina da eta eztabaida etiko eta politikoak sortzen ditu aniztasun hori jentaurrean zelan arautu behar dan jakiteko. Testuinguru horretan sortzen da Hizkuntza Justiziaren kontzeptua. Azken batean, immigrazinoa komunidadea bera epe luzera indartzeko aukera bezela ulertu behar da-eta. Mehatxu nagusia teknologiatik eratorritako gizarte-aldaketetatik dator. Euskerearen erabilereak behera egin dau, batez be, euskaldunen hizkuntza-ohiturak desbideratu egin diralako.

Bestetik, Larraitz Zumeta Ikupegi Behatokiko ikertzaileak etorkinen gizarte-sareen ezaugarriak adierazo ditu: Azken inkestek dinotenez, migratzaileen asoziazinonismoa sendotze-prozesuan dago gaur egun, baina ekosistema horren erresilientziak ez dau ezkutatzen haren egiturazko hauskortasuna. Azterlanek dinotenez, baliabide falta, urteko deialdien mendekotasunak eta erakundeen babesen egonkortasun ezak baldintzatzen dabe alkarte-sare migratzailea.

Beste ikertzaile, irakasle eta aditu batzuek be parte hartu dabe topaketan, hain zuzen be, Amelia Barquín Mondragon Unibersidadeko irakasle eta ikertzaileak (HUHEZI), Nora Palmitano Zestoako euskera teknikariak, Iker Barbero EHUko irakasle agregaduak, Celeste Agüero irakasle eta migrazino-aholkulariak, Mamadou Saar Ndank Ndank Alkarteko arduradunak eta Mónica Quiroz Gernika-Lumoko Ideasur Alkarteko presidenteak.

Aditu gehienen ekarpenak Hermes aldizkariaren azken zenbakian batu ditu Sabino Arana Fundazinoak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu