Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2025-12-17 12:23   Bertsolaritzea

Abenduaren 20an finala zuzenean emongo dabe ETB1en.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da abenduaren 20an Bilboko Casillan. Hurrengo zortzikoteak kantauko dau bertan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa.

Bertara joan ezin dabenek finala zuzenean ikusteko aukerea izango dabe ETB1en, 16:45etik aurrera, Ilaski Serranok aurkeztutako programa berezian. Serranok ondoan izango dau Ainhoa Urien aditua, bere ikuspuntua emon eta saioaren analisia egiten. Alkarrizketak, barriz, Anabel Arraizak egingo ditu.

Domekan, txapeldunagaz alkarrizketea

Finalaren biharamonean, abenduaren 21ean, Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan ETB1en. Casillako bertsoaldiak eskaintzeaz gan, finala amaitu orduko Mirari Martiarenak txapeldunari egindako alkarrizketea ikusteko aukerea be izango da.

Plazan eta txapelketetan eskarmentua daben zortzi bertsolari ikusiko ditugu oholtzan zapatuan: Onintza Enbeitak hamargarren Bizkaiko finalean kantauko dau; Jone Uriak be ondo ezagutzen ditu finalaren zirrikituak, zortzigarren finala izango da-eta aurtengoa; Xabat Galletebeitia seigarren aldiz ibiliko da; Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga eta Oihana Bartrarentzat hirugarren finala da domekakoa. Txaber Altubek, barriz, lehen finala izango dau. Eta zortzi horreetako bati jantziko deutso txapela Arantza Plazak.

Beraz, asteburuan izango da bertsoak entzuteko aukerea: zapatuan, 16:45etik aurrera zuzenekoa eta domekan, barriz, Hitzetik Hortzera berezia 15:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu