'Saharari Kantari' Bilbon, euskal artistak eta Saharakoak bat eginda

Bizkaie! 2025-12-12 10:53   Musikea

Helburua Sahara babestu eta egungo egoereari ikusgarritasun handiagoa emotea.





Bilboko Udalak hiru hamarkada baino gehiago daroaz saharar herriaren aurreko konpromisoan, lankidetza, sensibilizazino eta laguntza humanitarioa eskaintzen. Orain, barriz, Euskal Fondoak eta Arabako SEADen Lagunen Alkarteak atondutako Saharari Kantari 2026 kontzertuan lagunduko dau, 2026ko zezeilaren 28an Euskalduna Jauregian egingo dan ikuskizunean.

Kontzertuan makinatxu bat artista izango dira, musikearen bidez justiziagaz eta giza eskubideen aldeko jarrereagaz konprometidutako herri eta kulturen arteko topagunea eskaintzeko.

Saharari Kantari ekitaldiaren helburua saharar herriari babesa erakustea da, bai eta egungo egoereari ikusgarritasun handiagoa emotea be, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zanetik berrogeita hamar urte beteten diranean.

Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun Saileko zinegotzia, Iñigo Zubizarretak nabarmendu dauenez: Bilboko Udalak hiru hamarkada baino gehiago daroaz saharar herriari konpromisoa, lankidetzea, sensibilizazinoa eta laguntza humanitarioa eskaintzen. Urte honeetan guztietan, besteak beste, honako ekimen honeek babestu ditugu: Oporrak Bakean programea, ume sahararrek udak Bilboko familiakaz pasetea ahalbidetzen dauena; Euskal Karabana, laguntza humanitarioagaz; eta Euskal Fondoagaz batera bultzatutako lankidetza eta laguntza humanitarioko hainbat proiektu.

Sahararen aldeko musikea

Aziza Brahim abeslari eta aktore sahararra artista gonbidadua izango da eta Oreka TX, Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrietagaz parte hartuko dau. Suilma Aali abestuko dau bere aitaren lurrari buruzko abesti barri bat; horrezaz gan, Haizea harrien kontra abestia kantauko dau Itziar Ituño eta Olaia Inziartegaz batera.

Artisten artean egongo dira, besteak beste, Iker Lauroba, Fariba Sheikhan, Esti Markez eta Postal Kolekzionistak taldea eta Mendebaldeko Saharari kantauko deutse. Gainera, Gazako artista bi, Ahmed & Nur, Sua Enparantza jantzaria eta Jon Maia bertsolaria be bertan izango dira. Era berean, musika-banda berezia sortu da hitzordu honetarako: Antxon Sarasua, Dani Venegas, Joanes Ederra, Mikel Fagoaga eta Xabier Zeberio.

Ekimena 2013an jaio zan, Arabako SEADen Lagunen Alkarteak hiru urtez jarraian Saharari Kantari – Una canción por el Sahara musika-lehiaketea sustatu ebanean, herri horren errealidadea gazteei musikearen bidez hurbiltzeko eta euskal artistak saharar herriaren aldeko kantu bat sortzeko konpromisoa hartzeko. Ekimen haretatik abesti-errepertorio potoloa sortu zan eta hiru diskotan batu ziran.

2023an, Euskal Fondoa, Berria, Elkar eta Bakunen eskutik, ekimenaren izena eta oinarria berreskuratu ziran, hamabi abestigaz disko bakarra sortzeko: Saharari Kantari. Ondoren, 2023ko abenduan, kontzertua egin zan Donostiako Kursaalen, magiaz betetako gaua eta horixe errepetiduteko asmoa dago, aurten Bilboko Euskalduna Jauregian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu