Azkuna Zentroak 'Musicas Memorables' aurkeztuko dau

Bizkaie! 2025-12-12 09:15   Musikea

Memoriaren eta ahozko tradizinoaren inguruko proiektuak edadeko personen taldeakaz lan egiten dau.

Datorren abenduaren 16an, Azkuna Zentroak Músicas memorables aurkeztuko dau, praktika garaikideagaz lotutako ahozko tradizinoari buruzko proposamen musikala. Auditorioan entzun eta konpartidu ahal izango diran gomuta, kontakizun eta kantuen errepertorioa zazpi hilebetez landutako bitartekaritza-proiektu baten emoitzea da.

hablarenarte alkarteak eta Christian Fernández Mirón artista eta hezitzaileak alkarlanean sortutako Músicas memorables proiektuak edadeko personen taldeakaz lan egiten dau, edadeagatik eta kolektibo zehatz bateko kide izateagaitik birritan ikusezin izaten diran personak ikusgarri eginez. Estaduko hainbat lekutan eta Santiago de Txilen egindako lau edizinoen ondoren, orain Bilbora heldu da, Azkuna Zentroak bultzatuta. Bosgarren edizino honek Bermeo eta Ondarroako neskatila, saregile eta paketatzaile talde bat izan dau ardatz, Kattalin Barcena eta Rubén G. Mateos bertako artistakaz batera.

Sorkuntza artistikoaren eta musikearen bidez, baina baita bitartekaritza kulturalaren eta komunitarioaren bidez be, tradizionalaren eta garaikidearen arteko alkarrizketea sortzea helburu dauen proiektua, azaldu dau Christian Fernández Mirónek.

Músicas memorables proiektuaren lehen fasea maiatzean hasi zan, Prototipoak, Azkuna Zentroko Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Bienalaren testuinguruan. Taldea osotzeko mapeatze demografikoaren etapearen ondoren, Christian Fernández Mirón artista-bitartekari eta musikariak ahozko tradizinoaren laborategia jarri eban martxan, Mamen Adevaren (hablarenarte) laguntzeagaz.

Hiru topaketetan, parte-hartzaileek beren musika gogoangarriak konpartiduko ditue: kantuak, istorioak eta kontakizunak, banakako eta taldeko gomutak balioan jarriz kantuaren eta entzute aktiboaren bidez. Material horreek ardatz hartuta, entzute-gida bat eta artxibo sonoro berezi bat sortu dira, ahozko tradizinoak eta herri-kantuak gomuta kolektiborako eta sorkuntza garaikiderako daben garrantzia erakusten dabena.

Bigarren fasean landutako entzuketa eta sorkuntza-egoitzan, Christian Fernández Mirónek eta bertako artista bi, Kattalin Barcena Guarrochena eta Rubén G. Mateos, alkarlanean ibili dira musika gogoangarrien soinu-artxiboa entzuten, berrinterpretetan eta hibridetan eta, ondorioz, errepertorio original barria sortu eta grabau dabe.

Proiektua datorren martitzenean, abenduaren 16an, egingo dan aurkezpen publiko-kontzertuagaz amaituko da. Talde honegaz batu dogun materiala oso sakon entzun ondoren, errespetu handiz, maitasun handiz, baina baita garaikidetasunera eroaten ausartuz be, azken zati hau sortu dogu, hau da, itzulera bat, aurkezpen publiko bat. Eta barriro batuko gara, esperientzia honetan parte hartu dauen emakume taldeagaz.

Errepertoriora batu ditue kantu sortu barriak, ahozko tradizinoko laborategian sortutako kantuen bersionoak eta konposizino hibridoak. Era berean, anekdoten grabazinoak eta laborategietan jasotako testigantzen narrazinoak entzun ahal izango dira, baita topaketa honeetan taldeak abestutako abesti batzuen grabazinoak be.

Horrek guztiak emakume horreen bizitea izan dana batzen dabe: itsasokoa izatea, familia eta hazkuntzea, euskera, ogibidea, lanbidearen etorkizuna, umezaroa edo maitasun erromantikoa. Talde honen nortasunaren isla da Bizkaiko Músicas memorables proiektuaren edizino hau.

Aurrerago, webgunera soinu, ikusentzunezko, testu eta argazki materiala batuko da musika gogaingarri horreek guztiak bizirik iraun deien eta proiektutik harago erreproduziu daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu