Bilbainaden Galea abenduaren 14an izango da Arriaga Antzokian
2025-12-12 08:15 MusikeaLortutako dirua Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Alkarteari emongo jako.
Arriaga Antzokiak Bilbainaden Galea hartuko dau abenduaren 14an, domeka, 11:30etan. Topaketa musikalean, XXXVII. Bilbainada Lehiaketako konposizino irabazleez disfrutetako aukerea izango dabe bertaratutakoek. Konposizino horreek CD batean be batu dira.
Bilboko Udalak atontzen dau galea, Radio Nervión eta TeleBilbao enpresen laguntzeagaz. Gainera, zuzenean jarraitu ahal izango da komunikabide horreetan be. Joseba Solozabal eta Yaiza Arrizabalaga, hedabide horreetako profesionalak, Bilbori buruzko ekitaldia eta obra irabazleen interpretazinoak aurkezteaz arduratuko dira. Batzen dan diru guztia Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Alkarteari emongo jako.
Galan zehar, ikusleek zuzenean ikusi ahal izango ditue konposizino irabazleak: Lily Bilbon, José María Larrazabal Alzagarena, euskerazko bilbainadarik onena; eta, La cuadrilla de Bilbao, Matías Berrocal Morerena, gaztelaniazko bilbainadarik onenaren saria jaso ebana.
Gainera, zortzi akzesit lortu dituen lanak entzun ahal izango dira:
- Susedidos de Bilbao (Alberto Núñez Baracaldo).
- Bilbotar bikotea (Juan Carlos Arzamendi Fernández).
- Dena hau da Bilbao! (Alberto Núñez Baracaldo).
- Si te gustó París (Natacha Loyola).
- Gabriel Arestiri Gorazarre (Jon Ander Urkiaga Egidazu eta Josune Barroeta Etxebarria).
- Paseando por Bilbao (Zaira Robles Pérez).
- Del Botxito a Nueva York (Natacha Loyola).
- El Botxo más cuco (Alberto Núñez Baracaldo).
Bilbainadak sarean
Betiko lez, lehiaketa beterano horren abestiak zabaltzen laguntzeko, Bilboko Udalak Interneten jarriko ditu abesti irabazleak. Holan, Bilbainada Lehiaketako konposizinoak doban entzun ahal izango dira YouTuben eta Bandcampen, abenduaren 14ko galearen ondoren. Aurreko edizinoetako gaiak eskuragarri dagoz daborduko.
Uriaren memoria musikala
Bilbainaden lehiaketea, urtez urte, uribilduaren gaurkotasuna errepasetan daben abestien bildumea konbertidu da. Gai horreek Bilboren historia deskribiduten dabe.
Lehiaketa horrekaz, Udalak, Radio Nervión eta TeleBilbaoren lankidetzeagaz batera, bilbainaden eskutik musika sorkuntza eta herri kantuaren tradizinoa sustatu gura ditu. Gainera, Bilboren kultura-nortasuna, tokiko talentua eta euskerazko sorkuntzak Bilboko Udalak sustatutako 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasota dagozen sustatu beharreko elementu bezela be badagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
