Zortzi finalistak prest

Bizkaie! 2025-12-10 13:12   Bertsolaritzea

Abenduaren 20an jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. 

Finalaren atarian batu ditue zortzi finalistak Bilboko La Casillan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Gogotsu eta prest dagozala eta saio ederra izango dala aurreikusten dabela nabarmendu dabe. Eurekaz batera egon da Arantza Plaza txapel jartzailea be eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak gidatu dau prentsaurrekoa.

Hasteko, eskerrak emoteko tartea hartu dau Belate Olabarriak. Txapelketea behar handiaren emoitzea dala azaldu eta, horren bueltan, jente asko dagoala. Horregaitik, eskerrak emon deutsee txapelketan beharrean ibili diran guztiei, bertsolariei, atontzaileei, komunikazinokoei, gai-jartzaileei, epaileei, bertso eskolei eta borondatezko beharrean astez aste ibili diran guztiei. Baita, astero areto eta frontoiak bete dituen bertsozale guztiei be, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin.

Arantza Plazak autortu dau ziztadea sentidu ebala txapela jartea proponidu eutsienean eta segiduan emon ebala baiezkoa. Horrezaz gan, txapela jartea ohorea dala azpimarratu dau eta opari ederra izan dala.

Finalistek be egin dabe berba. Lehenengoz kantatuko dabenek zein beteranoek, danek azaldu dabe finalerako gogotsu eta final ederraren atarian gagozala.

Protagonista horreez gan, Idoia Anzorandia Kareaga eta Igor Menika Bengoetxea ibili dira gai-jartzaile beharretan zapatuan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Garazi Mendoza Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Marta Ortiz Mateo, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanak, barriz, Itziar Basterretxea Olarreaga eta Itxaro Juaristi Olaetxea egingo ditue.

Sarrerak

Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai. Zapatuan sarrerarik geratuko balitx, txarteldegia zabalduko dabe arratsaldeko 15:30ean.

Finalerako oharrak

  • Casillara zelan heldu

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak finalera garraio publikoan joateko gomendioa egin dau: La Casillara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituan ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joan ezkero, Indautxuko geltokian bajau behar da, eta Areiltza Doktorearen atetik urten.

Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak atondu ditue herrietatik finalera joateko. Horreek erabiltea be aholkatzen du antolakuntzak.

Ateak edegitea

La Casillako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak sasoiz joateko gomendioa egin deutsee bertsozaleei, jente asko batuko dalako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

Umeen gunea

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean umeak egoteko gunea egongo da. Bertso saioak irauten dauen artean egongo da gunea zabalik, hezitzaileek jagonda. Umeek zein gurasoek egon daitekez bertan eta zerbitzua doban izango da.

Oharrak

  • 6 urtetik aurrerako umeek finalerako sarrerea erosi beharko dabe.
  • 3 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egon beharko dira gunean.
  • Umeek gura badabe, tarteka saiora joan daitekez euren guraso edo arduradunek lagunduta.
  • Umea gustora ez badago guraso edo arduradunei deituko jake bila joateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu