EHUko ikasleek sortutako gitarreagaz zarratuko dau birea Gatibuk
2025-12-10 08:15 MusikeaSteam bokazinoak sustatu gura izan ditu unibersidadeak.

Erronka handia izan da. Hile bi izan dira diseinua eta produkzinoa egiteko EHUko Bilboko Injinerutza Eskolako ikasleek behar izan dabena Gatibu taldearentzat beren-beregi egindako gitarrea erakusteko.
Haimar Arejita gitarristeak esker onez eta hunkituta jaso dau ikasleen eskutik eta taldearen despedidako kontzertuan erabiliko dau. Zapatuan izango da Gatibu taldearen Agur Esan Barik birako azken kontzertua. Egun berezia duda barik taldeko kideentzat zein zaleentzat. Baina baita EHUren Bilboko Injinerutza eskolakoentzat be. Eurek sortu dabe egun berezi horretarako gitarra elektrikoa, Guitar Stream programearen barruan. Proposamena EHUren eskutik sortu da eta Estitxu Garai Bizkaiko campuseko eta Komunikazinoko errektoreordeak eskerrak emon deutsee ikasleei, Gatibu taldeari eta Jabi Elortegi zine zuzendariari proiektua onartzeagaitik, izan be, erronkea bikotxa izan da; Gatibuko Haimar Arejitak ikasleek sortutako gitarrea joteko eskaintzea onartzea, batetik; eta EHUko ikasleek hain denpora laburrean proiektua gauzatzea, bestetik. Harro egoteko modukoa da gure ikasleek egin dabena eta horren lekuko izango dira ez bakarrik Gatiburen azken zuzenekoaz gozetako aukerea izango dabenek, baita taldeari buruz egiten dabizan dokumentala ikusiko dabenek be. Gogoan izan musika taldearen 25 urteko ibilbidea jasoten dauen dokumentala egiten dabilela Javi Elortegi eta gitarrearen proiektu osoa jaso dau dokumental horretan.
Egitasmoak Steam bokazinoak sustatzeko EHUren konpromisoagaz bat egiten dau. Unibersidadeko ikasleei teknologia industriala erakusteko bestelako metodologiak erabilteko pasinoa izan da eragilea eta hori izan da injinerutza-teknikak erabiliz gitarra elektrikoak sortzeko ikasketa-programeak ekarri dauena. Alkarlanean lantzen ditue gitarra elektrikoak ikasleek euren ikasketen barruan eta balio horreek sustatzeko aukera aparta gauzatzeko modua izan da Gatibugaz alkarlanean ibiltea, askotan ez dala lortzen gure unibersidadeak egiten dauen eta dituan balioak gizarteratzea eta ekimen honek horretarako balio izateaz gan, Steam bokazinoetan neska gazteek be erreferenteak izateko balio izan dau, Guitar Stream programan neskak eta mutilak ibili baitira bardin, hainbat injinerutza adarretakoak eta mailatakoak, adierazo dau Garaik.
Personalizautako gitarrea
Guitar Stream programearen barruan urtero gitarra bat sortzen dabe programan izena emoten daben ikasleek, birziklautako materialakaz, izan be, Injinerutza Eskolako zuzendari Charles Pintok azpimarratu dauenez, proiektu honek erakutsi dau injinerutzeak artea eta musikeari ekarpena egin leikiola. Eta oraingoan ikasketetatik harago jo dabe, izan be, gitarrea norentzat zan eta non joteko zan jakin baitabe ikasleek hasieratik: personalizautako gitarrea sortu dabe EHUko ikasleek Gatiburentzat', azaldu dabe Javier Mazon eta Iraide Lopez irakasleek. Gitarreak Watty dau izena, gorputza egiteko haltza erabili dabe, astigar formako mastea eta pau ferro diapasoia. Eskalea 637, 1 mm-koa da eta gorputzearen akaberea Pink coral kolorekoa da, mastearen paleagaz zeozelako olgetea proponiduta, azaldu dabe biek. Gitarra baltz, zuri edo sunburst bat margotzeko aukerea be bageunkan, mundu guztiak erabilten dituanak lakoa. Baina hau azken kontzertua da mende laurenaren ostean eta horregaitik aukeratu dogu kolore berezi hori, azpimarratu dau Mazonek. Kolore arraroa da, 60ko hamarkadako altxor ezkutua, eta oso gitxi ausartu izan dira kolore hori erabilten. Aukera hau ez da errepetiduko eta horrexegaitik aukeratu dogu. Kolorea parebakoa da gau bakar baterako. Bere taldeagaz azken aldiz eszenatokira igoten danean, beste inork ez dauen zeozer eroatea nahi genduan, 25 urte honeetan eregi danena bezain esklusiboa, azaldu dau Mazonek.
Esker onez jaso dau Haimar Arejita gitarristeak Nuria Gamez eta Arianna Alonso ikasleen eskutik jaso dauenean beren-beregi berarentzat sortutako gitarrea eta zuzeneko saio labur bategaz esker ona azaldu nahi izan deutse egindako lana. Gitarra jaso eta berehala afinau eta Gatiburen kantu ezagunen notak joteari ekin deutso, ekitaldira bertaratutako ikasleen gozamenerako: gitarrea oso ondo eginda dago, arabere gehiago ez profesionalek egindakoa izateko; kontzertu osoa joteko moduko gitarrea da adierazo dau Arejitak. Ez dau argitu nahi izan zein abesti joko dauen zapatuko kontzertuan: sorpresea izango da, ikusmina bere sortu behar baita, esan dau barreka.
Elektromagnetismoa
Guitar Stream programaren hainbat prozesu ikasten ditue EHUko injinerutzako ikasleek. Gitarra elektrikoak elektromagnestismoaren oinarrizko printzipioak ditu eta injinerutza elektrikoan aplikau daitekez hainbat tresna teknologiko erabilita. Modu horretan ikasleek egunerokoan erabilten diran ekipo eta dispositiboen oinarriak ikasten ditue. Guitar Stream orain dala bost urte sortu eben Bilboko EHUren Injinerutza Eskolan, Steam bokazinoak sustatzeko asmoz, proiektuetan oinarritutako ikaskuntzea oinarri; irakaskuntza metodologia horrek ikasleak animetan ditu maila teorikoan jasotako ezagutzak eta trebetasunak ikasteko esperientzia erakargarrien bidez. Diziplinartekotasuna lantzen dabe ikasleek jarritako erronka eta arazoei erantzuteko soluzinoak eta prototipoak sortuta.
Hasi ziranetik hona Guitar Stream programea handitzen joan da proiektua eta gaur egun 14 persona dabiz: 5 irakasle, laborategiko teknikari bat eta 8 ikasle. Hainbat gradutako ikasleak dabiz, gainera, alkarlanean eta graduaren arabera, lan edo proiektu bat lantzen dau ikasle bakotxak.
Guitar Stream programaz gan, EHUren Bilboko Injinerutza Eskolan proiektuetan oinarritutako beste lau ikaskuntza programa ditue: motorraren munduagaz lotutako Formula Student eta Moto Student, suziriak diseinetako Bisky Team eta itsasontzi jasangarriak diseinetako eta eregiteko asmoz sortutako Energy Boat Challenge.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
