Jakinek eta Gerediagak Joxe Azurmendiren ekarpena autortu dabe
2025-12-08 11:47 KultureaEuskal kulturgintzeari egindako ekarpena autortu eta eskertu gura izan dabe.
Jakinek eta Gerediagak ekitaldi berezia atondu dabe Durangoko Azokan. XX. mendeko euskal pentsalari handietakoa hil dan urte honetan, bere ondarea gogoratu nahi izan dabe eragile, sortzaile eta kulturazaleek. Landako Guneko areto nagusian batu dira, kulturearen jaialdiaren azken eguneko ekitaldien barruan.
Jakin Fundazioko Lorea Agirrek eta Gerediaga alkarteko Beñat Gaztelurrutiak emon deutse hasierea ekitaldiari. Lorea Agirrek adierazo dauenez, Jakinentzat erreferente izan da Azurmendi, 60ko hamarkadan aldizkarira batu zanetik azken unera arte eta haren pentsamendu nahiz praktika askatzaileak geroratzeko lan egingo dogu aurrerantzean be.
Beñat Gaztelurrutiak, barriz, Azurmendiren lana alkarbanatzeari garrantzia emon deutso, goizean Durangoko Azokako Sormen Bekegaz saritu dan egitasmoagaz lotuta, honek Azurmendiren lana izango baitau oinarrian. Ondoren, Azurmendiri buruz argitaratu daben aldizkari monografikoa, Jakin 269-270, aurkeztu dau Jakineko kide Haritz Azurmendik. Kulturgintzan dabizan ia ehun lagunen gogoetak eta iruzkinak idatzi ditue bertan. Ekitaldia Manifestu atzeratua poema ezagunaren talde-errezitaldiagaz amaitu dabe Iñigo Astiz, Castillo Suarez, Josu Landa, Leire Bilbao, Oihane Zuberoa Garmendia, Iñigo Satrustegi eta Leire Vargasen eskutik. Ainara Lasaren irudi-sorkuntza batek eta Miren Narbaizaren musikeak jantzi dabe poemearen irakurketea.
Joxe Azurmendi 1941ean jaio zan Zegaman eta Donostian hil 2025eko garagarrilaren 1ean. Jakin Taldeko kide, EHUko irakasle eta azken hamarkadetako euskal pentsalari emonkorrena izan zan. Euskerearen, euskerazko kulturearen eta Euskal Herriaren aldeko hautuak erabarritzen oinatrrizkoa izan zan haren pentsamendua 60-70eko hamarkadetan. Minorizazino eta zapalkuntza egoera betean, euskerearen alde egitearen zentzunaz galdetu eta aldarrikatu eban jaioteak ez, ekiteak egiten dauela bat euskaldun; euskerearen aldeko praktika jarraituak alkartzen dauela diran eta izango diran euskaldunen komunidadea. Bere garaiko eta etorkizuneko euskaldunentzat pentsau eban filosofoa izan zan, eta 40 liburutik gorako obrea itxi dau, guztia euskeraz idatzia.
Pentsalari zegamarraren ibilbide intelektuala Arantzazun frantziskotarrakaz hasi zan. 60ko hamarkada erdian Europan barrena jarraitu eban, batez be Alemanian, eta frankismoaren ostean Euskal Herrira bueltau zab. Ordutik, pentsetako marko propioak eregiten ibili zan; nazinoaz, biolentziaz eta haren kondenaz, pentsamendu sozialaz, gizabereaz, euskal pentsamenduaren genealogiaz, hain zuzen be. Arloz arlo, modernidadearen idea hegemonikoen irakurketa kritikoa egin eban, Euskal Herritik eta euskeraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
