Elebakartasun funtzionala

Bizkaie! 2025-10-14 08:02

Gaur egun egiten dan euskerearen erdia baino gehiago (% 60) arnasguneetan egiten da.

Hil hurren dago elebakartasun funtzionalik ez dauen hizkuntza oro. Hain zuzen be, inperialismo linguistikoak horixe izaten dau jomuga nagusia: ahulezi egoeran dagoan hizkuntzak ez daiala aukerarik txikiena be izan elebakartasun funtzionalean biziteko. Inperialismo linguistikoak hizkuntza gitxitua erasoteko eta suntsiarazoteko bidean, beti elebitasuna bihurtzen dau lege eta, bereziki, elebitasun simetrikoa ezartzen dau jarraibide aldaezin eta bazterrezin.

Elebitasun simetrikoak gizarte egoera berean ez daoan bi hizkuntzei tratamendu berbera emoten deutse hizkuntza indartsuenak bere nagusitasuna betikotu eta hizkuntzarik ahulenak bere ahulezia areagotu daian, heriotzerainoko bidean hizkuntza nagusiagazko erabateko menpekotasunean bururik ez altzetako. Elebitasun simetrikoak kate beretik orkatiletik alkarri lotuta doazen bi preso horrek bezelaxe, ibilteko beti pausoa aldi berean eta neurri berean emon beharra eragiten dau, hizkuntza gitxituak pausoa luzatu ez daian bere kasa aurrera egiteko.

Horregaitik, hizkuntza gitxituak pausoa piska bat aurreratzen dauen tokietan eta esparruetan, inperialismo linguistikotik hizkuntza hegemonikoaren «bazterketea» jazoten dala gaitzetsi eta salatzen dabeute, maiz, gainera, salaketa hori bere alde sistematikoki egiten duten epaitegietara eramanez. Inperialismo linguistikoaren epaitegi horrek, barriz, elebitasun simetrikoaren jagole amorratuak ditugu, funtzionario bati lehen agurra euskeraz egitea ukatzeraino eta debekatzeraino, edota euskal administrazino publikoaren telefono-erantzungailuetan eta informazinoa zabaltzeko bozgorailuetatik lehen ahots-mezua euskeraz emotea ezeztatzeraino eta galarazteraino, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, aurrena, eta Madrilgo Auzitegi Gorenak, ondoren, 2023an eta 2025ean, hurranez hurran, ebatzi eben bezelaxe.

Elebakartasun funtzionala, barriz, osasun beteko hizkuntza ororen ohiko hizkuntza egoera naturala da. Euskerearen elebakartasun funtzionaleko guneek, giza hartu-emonetarako euskerea erabilteko behar objektibotik, euskalduntzearen aldeko dinamika linguistikoak sortzen ditue gune horreetan bizi diran herritarren artean. Elebitasunak erasandako hizkuntzek, aldiz, gure euskerea kasu, sufriduten daben minorizazino graduaren arabera, gero eta elebakartasun funtzionaleko esparru eta eremu soziolinguistiko gitxiago izango ditue, hain zuzen be, elebitasunetik eremu soziolinguistiko horreek suntsiarazotea baita lehentasunezko helburua. Gaur egun, 10 herritarretatik bakarra bizi da euskalduntzera daroen dinamika linguistikoak nagusi diran gune soziolinguistikoetan; beste era batera esanda: 10 herritarretatik 9 erdalduntzera daroen dinamika linguistikoak nagusi diran gune soziolinguistiko elebidunetan bizi dira. Alegia, egungo Euskal Herrian biziteak erdaldundu egiten dau.

Gaur egun egiten dan euskerearen erdia baino gehiago (% 60) arnasguneetan egiten da. Siadeco Ikerketa Alkarteak aurkeztu barri dauen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzino
demolinguistikoa ikerlanaren arabera, euskerearen arnasguneetan hiztunen % 7,2 bizi ziran 1991. urtean; % 2,9 ziren 2021ean; eta % 0,2 izan daitekez 2036an. Kontuak kontu 7.267 persona baino ez litzatekez biziko euskerearen nagusitasun eremuetan 2036an, biztanle gitxiko 21 udalerritan: hamabi Gipuzkoan egongo dira, eta gainerakoak Nafarroan. Bizkaian alerik ez. Galera handia da: 2021ean 82.791 biztanle bizi ziran eremu horreetan, 1991n 113.734 ziran. Holan, proiekzinoa beteko balitx, historian lehen aldiz, sozialki nagusi dan ia lurralde eremurik barik geratuko litzateke euskerea.

Eguneroko dinamika linguistikoak elebakartasun funtzionaleko esparru eta eremuetan bizi diran hiztunak berezko hiztun bihurtzen ditu, eguneroko giza hartu-monetarako erabilten daben hizkuntza horretan veste edozein hizkuntzatan baino erraztasun handiagoa ukanez. Pelotariek pelotea joteko eskurik trebeena zelan, holan lehenesten dabe hiztun horreek hobeto eta errazago egiten daben hizkuntza hori. Hiztun horreek berezko hiztunak dira, hizkuntza horrek bere-bereak dituan hiztunak, edozein hizkuntzak osasuntsu bizirauteko behar beharrezkoak dituan hiztun naturalak. 2021eko Inkesta Soziolinguistikoaren datuetan oinarrituta honakoa dino Iñaki Iurrebasok: euskeraz errazago eta hobeto moldatzen diran 195.000 berezko hiztun daukaguz (% 7), bi hizkuntzetan antzera moldatzen diranak 222.000 (% 8) eta beste guztiak, 2.230.000 erderaz hobeto moldatzen dira (% 85), nahiz eta horreetako batzuek euskeraz be jakin baina zailtasunez moldatzen dira. Alegia, euskeraz egiten dan lurraldearen luze-zabalean 12 lagunetatik bakarrak egiten dau errazago eta hobeto euskeraz beste edozein erderatan baino.

Elebitasunak erasanda hil hurren dagoan hizkuntza ororen elebakartasun funtzionalaren azken gotorlekua familia dogu. Familia euskaldunek euskerea dabe etxekoen komunikazino tresna efektibo eta afektiboa. Etxe elebakar horreetako kideek, beraien komunikazino beharretarako, euskerea dabe molde eta moldatzaile. Hain zuzen be, familiaren barruan egiten dan lehenengo sozializazino horretan, etxeko txikienen artean topauko ditugu, gaur gaurkoz, euskereak dituan euskaldun elebakar eta ale bakar apurrak. Euskereak dituan elebakar horrek, ostera, bigarren sozializazinoak elebidunduko ditu, eskoleak, alegia. Etxetik lehen hizkuntzea euskerea daben euskaldunek produziduten dabe egiten dan euskerearen bi heren. Proportzinoan, horreek dabe euskale hiztunen arteko erabilera-ratiorik onena.

Euskal Herrian 2036an beste jatorri batzuetako 692.000 herritar (% 23) biziko dira gure artean eta 25-44 adin-taldean erdiak Euskal Herritik kanpo jaiotakoak izango ditugu. Adin multzo zentrala da hori, bai haurrak izateko adinean dagoen belaunaldia delako, bai lan-munduan daukan eraginagatik. Lan-munduak erakarrita etorriko dira gurera eta lan-mundua bihurtu behar dugu belaunaldi horiek euskalduntzeko atea. Euskalgintza antolatuak XX. mendean eskola euskalduntzeko egindako apustu eta bultzada hura, XXI. mendean lan-mundua euskalduntzearekin daukagun erronka berbera da. Izan ere, gaur egun, eskoleak euskalduntzen dauena lan-munduak erdaldundu egiten baitau.

Udagoie kolorea dauen gure euskerarentzat negu gorririk nahi ez badogu, etxean ez eze, eguneroko gizarte biziteren luze-zabalean, oro har, eta lantegi-fabriketan eta lan-bizitzan, bereziki, elebakartasun funtzionaleko gune soziolinguistiko barriak ugaritzetik eta finkatzetik ekarriko deutsagu udabarritzeko abagunea.

Patxi Saez Beloki, soziolinguistea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu