Charles Lloyd eta Camille Thurman, Getxo Jazz 2026ko lehenengo izenak

Bizkaie! 2026-03-03 09:54   Musikea

Jaialdia garagarrilaren 1etik 5era izango da.

49. Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiak lehenengo izenak iragarri ditu: Charles Lloyd safoxonistea, Camille Thurman saxofonistea, Sketches of Latin Miles Pepe Riverok zuzendutako proiektua. Sarrerak eta abonuak, Getxo Kulturako betiko kanaletan salgai izango dira martiaren 30etik aurrera. 

Charles Lloyd

Garagarrilaren 3an, barriz, Getxo Jazzek urteko hitzordu nagusia hartuko dau, izan be, Charles Lloyd (1938; Memphis, Tennessee) saxofonista eta konpositore ospetsua izango da. Estadu Batuetako hegoaldeko artista beteranoa, jazz garaikidearen erreferente handienetakoa da. Besteak beste, Ornette Coleman, Chico Hamilton, John Coltrane, Miles Davis, Michel Petrucciani, Keith Jarrett edo Charles Mingus lako musikariakaz alkarlanean ibili da. 40 lan baino gehiago grabau ditu. Getxon, estudioko azken lana Figure in Blue aurkeztuko dau, Jason Moran (pianistea) eta Marvin Sewell (gitarristea) alboan dituala.

Camille Thurman



Camille Thurman (New York, 1986) jazzearen munduan indar handiko saxofonistea, abeslaria eta konpositorea da. Tradizinoa eta barrikuntzea buztartzen ditu. Downbeat aldizkariko artista barrien zerrendan agiri da. Era berean, Konpositore Gazteentzako Herb Alpert Saria irabazi dau, baita Enbajadore Kulturalentzako Fulbright Bekea. Bestalde, Jazz at Lincoln Center Orchestran parte hartu eban lehen emakumea izan zan. Kontzertua, garagarrilaren 1ean izango da.

Sketches of Latin Miles



Garagarrilaren 4an, zapatuan, Sketches of Latin Miles proiektua aurkeztuko dabe jazzaldian, Kubako zazpi musikarik osotutako proiektua. Zazpikoteak, Miles Davis autortu gura izan dau lan horretan. Pepe Riverok pianisteak gidatzen dau proiektua eta ondoko honeek osotzen dabe taldea: Georvis Pico (bateria), Jorge Vistel (tronpetea), Reinier Elizalde El Negrón (bajua eta kontrabajua), Yuvisney Aguilar (perkusinoa), Roman Feliu (saxo altua) eta Daniel López Donny (tekladuak).

Kontuak kontu, jaialdia garagarrilaren 1etik 5era izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu