'Pantailak Euskaraz' autortuko dabe 48. Lekeitioko Euskal Zine Bileran
2025-10-10 13:07 ZinemeaJaialdia, urriaren 16tik 21era arte izango da.

48. Lekeitioko Euskal Zine Bilerea Urriaren 16tik 21era arte izango da, halanda ze, euskerazko ikus-entzunezko sorkuntzearen plaza izango da. Euskeraz hutsean egiten dan Euskal Herriko jaialdi zaharrena da. Aurton, barrikuntzak, proiekzino bereziak eta aditu autortuak izango ditu.
Sail Ofiziala
Jaialdiaren ardatz nagusia euskerazko film laburren lehiaketea da. Lekeitioko lagun talde batek sortu ebanetik 48 urte pasau dira daborduko. Betiko lez, genero, teknika eta gai ugari batzen dituen lanak lehiatuko dira:
- Film onenaren saria: Urrezko Antzarra eta 3.000 €.
- Zuzendaritza onenaren saria: Zidarrezko Antzarra eta 1.600 €.
- Gidoi onenaren saria: Zidarrezko Antzarra eta 1.600 €.
- Benito Ansola saria: 1.000 € (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat).
- EITB Ikusleen saria: 750 €.
Film, zuzendari eta gidoi onenaren irabazleak aukeratzearen arduradunak Itziar Atienza aktorea, Beñat Sarasola idazlea eta Miren Aperribay zuzendari eta banatzailea izango dira. Ganerako sariei jagokonez, EITB Ikuslearen saria publikoak erabagiko dau.
Lehiatuko diran filmak ondokoak izango dira: Exergo (Jorge Moneo Quintana), Markelen Gurutzea (Alberto Bilbao Ariztimuño), Berandu (Lorea Azpeitia Anta), Eraman zutela (Mikel Balerdi Arruabarrena), Dear Death (Maddi Hernáez Susperregui), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin hizketan (Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazo), Olentzerori Eskatu Nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Kamarada (Jon Iñigo Hidalgo Gereñu), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezcano), Maritxu, nora zoaz? (Alex Altuna Tojal), Inkognita (Julen Gorosabel Ortega), Kume (Xabier Larrazabal), Arditurri (Ander Arrieta Odriozola), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Bidean (Imanol G. Gurrutxaga), Ziklope (Xabat Lertxundi Aiertza), Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Azkena (Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons).
Film labur guztiak urriaren 16tik 18ra ikusi ahalko dira Ikusgarri Aretoan.
Sari banaketea eta aurtortzak
Urriaren 18an egingo dabe sari banaketa ekitaldia Ikusgarri Aretoan, Iranzun Mentxaka eta Iratxe Urkiagak aurkeztuta eta Olatz Salvadorren musikaz girotuta.
Sail Ofizialeko sariak emoteaz gan, Euskal Zinearen Begirada autortzea Pantailak Euskaraz ekimenari eskainiko jako, euskarazko ikus-entzunezkoen alde egindako lanagaitik.
Proiekzino bereziak eta estreinaldiak
Ohiko lehiaketaz gan, ikusleek hainbat proiekzino berezi eta estreinaldi ikusi ahal izango ditu. Horreen artean nabarmentzekoa da Asier Altunak zuzendutako Karmele, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy protagonista dituan filma. Hainbat proiekzino izango ditu eta horreen artean, urriaren 19an, egileakaz barriketaldia izango da filmaren aurretik.
Era berean, Akelarre: marearen kontra dokumentalak talde mitiko baten ibilbidea eroango dau pantailara eta Txillarreko Sukaldaria dokumentalak ETAren jardun armatuaren amaiera markau eban alkarrizketen harian dagoan kontakizuna aurkeztuko dau.
Zinegin Festibalagaz alkarlana
Betiko lez, Lekeitioko jaialdia Hazparneko Zinegin Festibalagaz ibiliko da alkarlanean. Norabide bitan izango da: alde batetik, Oiogorri film laburra Lekeition proiektauko da; eta bestetik, Euskal Zine Bilerako lanen aukeraketa bat Zinegin Jaialdian ikusi ahal izango da.
Hezkuntzea eta gazteen parte-hartzea
EZBk bere etorkizuna gazteen parte-hartzean ikusten dau. Horregaitik Harrobia eta Klixka lako egitasmoak lantzen jarraitzen dau. Harrobiaren bidez, gazteei ikus-entzunezkoen bidez euskerazko sorkuntzea hurreratzen jake; aurton, barrikuntza bezela, bideopodkasten sorkuntzea eta produkzinoa landuko dira. Klixka programeak, barriz, ikastetxeetan tailer praktikoak eskainiko ditu ikus-entzunezko sortzaileakaz batera, ikasleak proiektu artistiko eta teknologikoetan sartuz.
Ondarea eta memoria: Atzo8 egitasmoa
Euskal zinearen ondarea be presente egongo da Atzo8 programearen bidez. Aurton, barruko lanean jarriko da indarra, epe ertain eta luzerako egiturak eta helburuak definiduteko. Irati Gorostidiren OT-IL filma izango da ikusgai online, euskal zinema analogikoaren balioa eta memoria berreskuratuz.
Babesak
Ondoko erakunde eta eragileek egiten dabe posible jaialdia: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea, EITB, HAZI Fundazinoa, Erabil eta Cikautxo.
Horreezaz gan, Zinemazaleak, Zine-lab, Hitza, Arropaineko Arragua, Euskadiko Filmategia, Zinegin Festibala, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Elias Querejeta Zine Eskolaren alkarlana be eskertu gura da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!