Zinemakumeak gara!, 30 urte bete ditu

Bizkaie! 2025-10-02 13:20   Zinemea

Urriaren 27tik 31ra arte izango da.

Zinemakumeak gara! - Emakumeek zuzendutako zinema ekimenak 30. urteurrena ospatuko dau udagoienean, ondarea ahaztu barik etorkizunera begira egindako programazinoagaz. Urriaren 27tik 31ra, Bilbo emakume zinemagileen epizentro konbertiduko da. Gainera, proiekzinoak, tailerrak eta mahai-inguruak atondu dira, baita sektoreko funtsezko personak autortuko dituan inaugurazino-galea be.

Nola ikasi emakume izaten (eta ahaleginean ez hiltzen) atzerabegirako zikloagaz hasiko dira, urriaren 20tik 24ra, BilbaoArten. Ziklo horrek erakusketearen 30 urteko historia eskainiko dau. Horretarako, nazinoarteko film luzeak proiektauko dira doban, baita euren katalogo historikotik ataratako euskal emakumezko zinemagileek zuzendutako film laburren bildumea be. Ondoko lan honeek erakutsiko ditue, besteak beste, Perversiones de mujer (Susan Streitfeld, 1995), Rachida (Yamina Bachir-Chouikh, 2002), La batalla de Solferino (Justine Triet, 2013) eta Las mujeres de verdad tienen curvas (Patricia Cardoso, 2002).

Film Laburrak Femeninoan filmagaz amaituko da zikloa. Espainian produzidutako emakumeek zuzendutako film laburren programea da, Tramak (emakumeek egindako zinema, bideo eta multimedia lanen erakustaldi eta jaialdien koordinadorea) urtero deitua.

Prestakuntzeari jagokonez, erakusketeak haren ikus-entzunezko laborategi arrakastatsua aktibau dau barriro be. Horren barruan Emakume heroiaren bidaia lantegia atondu da, Belén Ruiz Soroa irakaslearen eskutik. Saioa urriaren 21ean izango da (martitzenean), Bizkaiko Psikologia Alkargoan. 

Hiru zinema-hamarkada

Ospakizunaren momentu garrantzitsuena urriaren 27an egingo dan inaugurazino-galea dogu (astelehena), BBK Aretoan, Maria Urcelay aktoreak aurkeztuta; ekitaldian sari garrantzitsu bi emongo dira: Simone de Beauvoir Sariak Alauda Ruiz de Azúa eta María Ripoll zinemagileen ibilbidea autortuko dau; Bihargi Sariak, barriz, Al Borde Films prokduzino-etxearen sortzaileak sarituko ditu aurton (Sara Blanco Pérez, Marta Gómez Calderón eta Paula Iglesias Rodríguez).

Horrezaz gan, Maria Berasarteren kontzertua, Nerea Alberdiren musika-piezea eta Estudio Gheadaren ikus-entzunezkoa eskainiko ditue. Lehen aldiz, EITBren lankidetzeari esker, galea zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

Zinema garaikidea eta beharrezko eztabaidak

Sail Nagusia, Pantaila Handia, urriaren 28tik 31ra egingo da, Azkuna Zentroan. Oraintsu hainbat zinema-jaialdi ospetsutan (Cannes, Locarno, Berlin, Seminci eta Donostia) estreinau eta lehiatu diran nazinoarteko zinema-lan barrien hautaketeari esker, ikus-entzuleek proposamen interesgarriakaz disfrutau ahal izango dabe, besteak beste, Nuestra tierra (Lucrecia Martel); Blue Heron (Sophy Romvari); Sound of Falling (Mascha Schilinski); eta, La chica zurda (Shih-Ching Tsou). Gainera, Put Your Soul on Your Hand and Walk filmaren estreinaldia barruan hartzen dau hautaketeak. 

Egitaraua osotzeko, saio berezia egingo da urriaren 30ean, BBK Aretoan. Eva Libertad zuzendariaren Sorda filma proiektauko da, emakume gor batek amatasunaren aurrean dituan erronkei buruzkoa. Ondoren, Psicología, feminismo y anti capacitismo mahai-ingurua egingo da, Bizkaiko Psikologia Alkargoagaz lankidetzan. Mahai-inguru horretan, Vicenta Alonso de la Cruz, Aitziber Uriarte eta Iraia Nieto Merino adituek hartuko dabe parte.

Era berean, urriaren 30ean (eguenean), adimen artifizialaren arloan aditu diran Laura Benitez eta Alejandra Bueno unibersidade-irakasleen arteko alkarrizketea izango da Bastida Aretoan (Azkuna Zentroa). Genero-joeraz, iraultza teknologiko horren arrisku zein aukerez eta emakumeek kultur sorkuntzan daben presentzian eta irudikapenean AAk izan leiken eraginari buruz berba egingo dabe. 

Aurtengo kartela diziplina anitzeko lan talde batek egin dau: Rebeka Arce bizkaitarrak (sormen-zuzendaritza, diseinua eta custom type-aren diseinua), Laia Ferranek (animazinoa) eta Maria Doreulik (custom typea) hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu