'Frankenstein' da film sorpresa
2025-09-25 09:42 ZinemeaGuillermo del Toro zinemagile mexikarrak zuzendu dau.

Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoko film sorpresa Frankenstein izango da, Mary Shelleyren klasikoaren bersino barria. Guillermo del Toro zinemagile mexikarrak zuzendu dau, eta Oscar Isaac, Jacob Elordi, Christoph Waltz eta Mia Goth ditu protagonista. Ondoko lekuetan proiektauko da: bihar (barikua), Antzoki Zaharrean, 21:45ean, eta Victoria Eugenia antzokian, 22:30ean; eta, zapatuan, Belodromoko pantaila erraldoian, 18:00etan.
Veneziako zinema-jaialdiaren Sail Ofizialean aurkeztu eben filma eta Frankenstein doktorearen historia kontetan dau: zientzialari bikain baina egozentriko horrek izakia sortuko dau esperimentu izugarri batean, eta, azkenean, hondamendia ekarriko deutse sortzaileari eta zorigaiztoko sorkuntzeari.
Gillermo del Torok ondokoa adierazo dau: hemengo ikusleekaz partekatuko dot Frankenstein, Donostia Zinemaldian, eta oso hunkituta nago.
Zuzendari mexikarrak estilo zinematografiko bereizgarria sortu dau, bildurra, fantasia eta iruditeria bisual oparo eta personala buztartzen dituana. Cronos (Zabaltegi, 1994) filmeagaz debuta egin ebanetik, film txalotu ugari zuzendu eta produzidu ditu, esaterako: El espinazo del diablo (2001), El laberinto del fauno (2006), Mimic (1997), Hellboy (2004), Pacific Rim (2013), Crimson Peak (2015) eta The Shape of Water (2017). Azken horrek Oscar sarietarako hamahiru izentapen lortu zituan, lau irabaziz, tartean, film onenarena eta zuzendari onenarena. Stop motion animazinoko haren lehen film luzeak, Guillermo del Toro's Pinocchiok (2022), animazinoko film onenaren Oscar saria irabazi eban. Mark Gustafsonegaz batera zuzendu eban.
Donostia Zinemaldiak 2019an berreskuratu eban film sorpresa programetako tradizinoa eta, harrezkero, ondoko film honeek emon ditu: Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin’ Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larraín, 2021), Blonde (Andrew Dominik, 2022), The Killer (David Fincher, 2023) eta Joker: Folie à Deux (Todd Phillips, 2024).
Antiguo Berri eraikuntza-enpresak babesten dau film sorpresa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!