Jose Luis Agredak sortu dau 67. Zinebiko irudia
2025-10-09 11:20 ZinemeaJaialdia, zemendiaren 21etik 28ra egingo da.

Bilboko Udalak atondutako Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak 67. edizinoaren kartel ofiziala aurkeztu dau. Irudia, José Luis Ágreda ilustratzaile eta zuzendari artistikoak sortu dau, Estaduko ilustrazinoaren eta animazinoaren izen nabarmenetakoa eta dauela gitxi Oscar sarietarako izentatua izan dana Robot Dreams pelikulagaitik.
Ágredak nazinoartean dauen izen onari eta Bilbogaz dauen lotura sakonari esker aukeratu dabe. Joseba Lopezortegak, jaialdiaren zuzendariak, ikus-entzunezko sorkuntzan taldeak dauen aniztasunaren eta indarraren garrantzia islatuko eban irudia enkargau eutson, eta, haren ustez, helburu horreek erabat bete ditu.
Kartela, indar kromatikoagaitik eta ikusmen-dinamismoagaitik nabarmentzen da: halanda ze, energia, mobimendua eta talde-lana transmitiduten ditu, zinemearen bizitasuna eta jaialdian parte-hartzen daben ahotsen aniztasuna islatuz.
Marra garbiak eta proportzioen jokoak hainbat belaunaldietako publikoekaz konektetako gai dan itxura baikorra eta modernoa da. Beraz, Zinebiren nortasuna indartzen dau, sorkuntzarako, alkarrizketarako eta herritarren partaidetzarako gune bizia izanez.
José Luis Ágreda
José Luis Ágreda 1971n jaio zan Sevillan eta lotura estua dau Bilbogaz. Hemen bizi izan zituan umetzaroa eta nerabezaroa, baita lehen urratsak marrazkilari bezela. Gainera, euskal fanzineetan eta La Comictiva aldizkarian argitaratzen hasi zan.
Haren ibilbidea sendotu egin zan Cosecha Rosa komiki-lan sarituagaz, baita El Jueves aldizkarirako egindako lan ezagunekaz be. Era berean, Buñuel en el laberinto de las tortugas (Goya 2020 Saria) eta Robot Dreams (2023) filmen zuzendari artistiko bezela ibilbide bikaina egin dau animazinoko zineman, Goya Sari bi jaso ditu eta Oscarretarako izentatu dabe. Horrezaz gan, laster estreinauko dan Decorado Alberto Vazquezen film luzean egindako lana be nabarmendu behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!