'Notorious' filmagaz hasiko da 'Klasikoak' programea
2025-10-01 09:49 ZinemeaGaur, hilak 1, Gasteizko Artium Museoan.

Klasikoak programeak hamalau film eskainiko ditu urritik abendura bitartean. Donostian (Tabakalera), Bilbon (Bizkaia Aretoa), Gasteizen (Artium Museoa), Iruñean (Golem Baiona) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect) izango dira saioak. Programea, Donostia Zinemaldiagaz lankidetzan egin da eta irailean hasi zan Lillian Hellman zinemagileari eskainitako atzera begirakoagaz. Holan, hiruhilekoan zinemagintzearen historiako pelikula bikainak deskubriduten edo barrikusten jarraitzeko konbita egiten dau.
Zikloa, gaur, hilak 1, hasiko da Gasteizen Notorius filmagaz (Alfred Hitchcock, 1946). Ingrid Bergman eta Cary Grant dira pelikula ikoniko horretako protagonistak eta Luis Alegre kazetari, idazle eta unibersidade-irakasleak aurkeztuko dau Donostian eta Bilbon atondutako saioetan. Jarraian, beste hiru film proiektatuko dira: Ohayō (1959), Yasujiro Ozu zuzendariaren azken etapako lana, oihartzuna izaten jarraitzen dauena; The Party (Blake Edwards, 1968) komedia, jatorri hindua dauen antzezle zabar batena egiten dau Peter Sellers aktoreak; eta Örökbefogadás (Márta Mészáros, 1975), Berlingo Zinema Jaialdian Urrezko Hartza eskuratu ebana. Azken film hori aurkezteko, Hungariako Filmoteka Nazinonaleko zuzendari Gyorgy Raduli izango da Donostian.
Kataluniako Filmotekak El amor brujo (Francisco Rovira Beleta, 1967) lana aurkeztuko dau. Proiektu horri esker, bigarrenez hautatu eben Rovira Beleta Oscar sarietarako. Pablo La Parra Kataluniako Zinematekearen zuzendaria izango da pelikula aurkezten Donostian eta Bilbon. Bestalde, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak eta Begoña del Teso zinema-kritikariak klasiko bikain bi aurkeztuko ditue Donostian eta Iruñean: Tystnaden (Ingmar Bergman, 1963) eta Freaks (Tod Browning, 1932), hurranez hurran.
Deskubridu beharreko proposamenen artean, hiru lan dagoz: Kameradschaft (1931), langileen alkartasun internazionalistari buruzko kontakizuna, Georg Wilhelm Pabstek zuzendua (Alemaniako Zinematekearen Artxiboaren zuzendari Elisa Jochum izango da Donostian lan hori aurkezten); Trotacalles (1951), Matilde Landeta merezi bezain ezaguna ez dan zinemagileak zuzendua eta Mexikoko UNAM Zinematekak zaharbarritua; eta, Más allá del olvido (Hugo del Carril, 1956) melodrama gotiko argentinarra, zaharbarritzea Cannesko Zinema Jaialdiaren azken edizinoan aurkeztu zan.
Horreezaz gan, bost urietan ikusgai izango dira Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainak. Laurak euskerazko zinemearen proiektu aitzindariak dira, Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharbarrituak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz.
Gipuzkoa terminoaren milagarren urteurrena aitzakia hartuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz eta Kutxa Fundazinoagaz lankidetzan, Tabakalerak saio berezi bi eskainiko ditu: Euskadiko Filmategiak digitalizau dauen Guipúzcoa (Pío Caro Baroja, 1979) dokumentala.
Sarrerak online eta proiekzino-aretoetan erosi ahal izango dira, Bizkaia Aretoaren kasuan izan ezik: Bizkaiko uriburuko saioetarako sarrera fisikoak Arte Ederren Bilboko Museoan egongo dira salgai. Era berean, Bizkaiko uriburuko lau film ertainak Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak atondutako programazinoaren barruan emongo ditue.
Konsultau programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!