Alauda Ruiz de Azúaren ‘Los domingos' filmak irabazi dau Urrezko Maskorra
2025-09-29 07:40 ZinemeaInterpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra Jose Ramon Soroizek irabazi du, Maspalomas filman egindako lanagaitik.

Joan zan 73. Donostiako Zinemaldia eta inoizkorik euskal produkzinorik gehien izan dituan urtean, Urrezko Maskorra (Los Domingos) eta Jose Ramon Soroizen saria (Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra, Maspalomas filman egindako lanagaitik).
Jose Ramon Soroiz Zidarrezko Maskorra jasoten.
Sail Ofizialean hamazazpi film izan dira eta horreen artean, Emakumeen mailan, Zhao Xiaohongek irabazi dau Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra, Jianyu laide mama (Txina) filman eginiko antzezpenagaitik.
Camila Plaatek eskuratu dau Taldeko Interpretazio Onenaren Zidarrezko Maskorra Belén filman (Argentina) egindako antzezpena autortzeko.
Joachim Lafossek, Les chevaliers blancs (2015) filmagaz zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi ebanak, horixe saria eskuratu dau barriro be Six jours ce printemps-là (Belgika-Frantzia-Luxenburgo) lanari esker, baita gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria be, Chloé Duponchelle eta Paul Ismaëlegaz batera. Argazki onenaren saria Pau Estevek jaso du, Los Tigres (Espainia) filman egindako lanagaitik.
Horregaz gan, Epaimahaiaren Sari Berezia José Luis Guerinen Historias del buen valle (Espainia-Frantzia) filmarentzat izan da, sari hori bera jaso baitzeban En construcción (2001) lanagaz. Oraingoan, kamera periferiara eta gitxitan filmautako arpegi eta paisajeetara zuzentzen dauen film bati emon deutso saria epaimahaiak, kontuan izanik denporearen gainetik eskuzabal eta gizatiar jariatzen dan begiradea marrazten dauela, bidaia horretan zinemearen funtsa bera gogora ekarriz.
J.A. Baiona zinemagilea izan da palmaresa zehazteaz arduratu dan Epaimahai Ofizialaren buru. Epaimahaikide izan dira Laura Carreira zinemagile portugaldarra eta Gia Coppola zuzendari estadubatuarra, Zhou Dongyu antzezlea, Lali Espósito abeslari eta interprete argentinarra, Mark Strong aktore britainiarra eta Anne-Dominique Toussaint produktore frantsesa.
Itsaso Arana eta Óscar Lasarte antzezleek aurkeztu dabe itxiera ekitaldia bart Kursaal Jauregian eta, sarien barri emon ondoren, The Winter of the Crow ikusi ahal izan da, edizino honetako amaierako filma. Kasia Adamik zuzendaria, Lesley Manville antzezlea eta Stanislaw Dziedzic produktorea izan dira saio horretan.
Beste sari oficial batzuk
Vaegtloes (Danimarka) Emilie Thalunden lehen filmak irabazi dau Kutxabank-New Directors Saria. Epaimahaikideek aitamen berezia egin deutse Irati Gorostidi Agirretxeren Aro berria lehen filmari. Proiektu fasean egoala, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskoleak (EQZE) atontzen daben Ikusmira Berriak egoitza-programan parte hartu eban lan horrek.
Horizontes Make & Mark saria Un poeta (Kolonbia-Alemania-Suedia) filmak eroan dau. Simón Mesa Sotoren pelikulea Canneseko Un Certain Regard sailean estreinau eta Epaimahaiaren Saria eskuratu eban. Epaimahaiak aitamen berezi bi emon ditu: bata Ikusmira Berriak sailean sorturiko beste proiektu bati, Ana Cristina Barragán EQZEko ikasle izanikoaren Hiedra (Ekuador-Mexiko-Frantzia-Espainia), gidoi onenaren saria irabazi baitzeban Veneziako Mostrako Orizzonti sailean lan horregaz eta bestea, barriz, Daniel Hendlerren Un cabo suelto (Uruguai-Argentina-Espainia) filmari, Venezia Spotlight sailean estreinautakoa, 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan parte hartu ebana eta igazko WIP Latam Industriaren Sariaren irabazlea.
Bestalde, La tour de glace lanak (Frantzia-Alemania) irabazi dau Zabaltegi - Tabakalera saria; Lucile Hadzihalilovicen lan barri horrek ekarpen artistikoaren Zidarrezko Hartza eskuratu eban Berlinaleko Sail Ofizialean. Epaimahaiak aitamen berezi bi emotea erabagi dau: Paula Tomás Marquesen Duas vezes João Liberada (Portugal) lanari, eta Sophy Romvariren Blue Heron (Kanada-Hungaria) lanari. Lehen filma EQZEko este ikasle egresatu baten lana da eta Berlinaleko Perspectives sailean estreinau eben; besteak, barriz, opera prima onenaren Swatch saria irabazi eban Locarnoko zinema-jaialdiko Concorso Cineasti del Presente sailean, baita Torontoko Best Canadian Discovery Award be.
Eva Sajanováren (Academy of Music and Performing Arts - FTF VSMU, Eslovakia) Ako počúvať fontány (Eslovakia) film laburrak irabazi dau Nest The Mediapro Studio Saria, eta aitamen berezia, barriz, Milan Kumarrek (Film & Television Institute of India, Pune, India) zuzendutako The Old Bull Knows, Or Once Knew (India) lanak jaso dau. Film Labur Onenaren Movistar Plus+ Saria eta Tabakalera Saria, ostera, Inês Nunesek (Elías Querejeta Zine Eskola - EQZE, Espainia) eta Lenia Friedrichek (Academy of Media Arts Cologne - KHM, Alemania) zuzendutako A solidão dos lagartos (Espainia-Portugal) eta So ist das Leben und nicht anders (Alemania) film laburrek irabazi ditue, hurranez hurran.
Culinary Zinema Saria Nan Feixen Mam (Frantzia) filmari egokitu jako eta Eusko Label Saria, barriz, Hatsa eta Gatz Harana film laburrek jaso dabe; horreekaz, Josu Ozaita Azpirozek eta Saioa Miguelek lehen eta bigarren sariak eroan ditue, hurranez hurran. Gizarte-gaiei buruzko film laburren lehiaketeari jagokonez, Alvaro G. Companyren Maruja filmak eskuratu dau Loterías lehen saria eta bigarrena, barriz, Iñaki Sánchez Arrietaren Medusas pelikulak.
Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Los domingos (Espainia-Frantzia) filmak, Urrezko Maskorra ez eze, nazinoarteko kritikariek emoten daben FIPRESCI Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Saria be eskuratu ditu. Gainera, Irizar Sariaren Epaimahaiak aitamen berezia emon deutso Zabaltegi-Tabakalera sailean programautako Marta Medinaren eta Enrique López Lavignen El último arrebato (Espainia) lehen filmari.
Perlak saileko publikoak aukeratzen dauen Donostia Hiria Publikoaren Saria The Voice of Hind Rajab filmak eroan dau (Tunisia-Frantzia). Kaouther Ben Haniaren film horrek Zidarrezko Lehoia Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu eban Venezian. Europako Film Onenaren Publikoaren Saria, ostera, Amélie et la métaphysique des tubes animazino-filmak eskuratu dau (Frantzia). Film horregaz Maïlys Vallade eta Liane-Cho Han egileek Cannesko zinema-jaialdiko emonaldi berezietan parte hartu eta Publikoaren Saria eskuratu eben Annecyko zinema-jaialdian.
Azkenik, Diego Céspedesen La misteriosa mirada del flamenco (Txile-Frantzia-Alemania-Espainia-Belgika) lehen filmak, Horizontes Latinos sailean sartuta, Gazteriaren DAMA Saria irabazi dau. Filmak, bere proiektu fasean Ikusmira Berriak programako post-produkzino saria irabazi ebana, Canneseko Un Certain Regard saria jaso dau aurten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!