'Maruja' eta 'Medusas' film laburrak, Loterias sarien irabazleak
2025-09-23 10:02 ZinemeaEhun lan aurkeztu dira Donostia Zinemaldiak eta Loterías erakundeak sortutako sarira.

Maruja (Álvaro G. Company) eta Medusas (Iñaki Sánchez Arrieta) film laburrek irabazi dabe, hurranez hurran, gizarte-gaiekaz lotutako film laburren Loterías sariketako lehen saria eta bigarren saria. Donostia Zinemaldiak eta SELAEk (Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado) atondu dabe sariketea.
Lehiaketearen bigarren edizinora ehun lan baino gehiago aurkeztu ziran. Horreen artean, Hautespen Batzordeak sei aukeratu zituan, epaimahaiak baloretako. Carmen Machi aktorea izan da epaimahaiburua, horregaz batera, Loterías erakundeko komunikazinoko zuzendariorde María Núñezek eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek osotu dabe epaimahaia. Hirurak izan dira Trueba zinemako filmen proiekzinoan eta ondorengo sari-banaketan. Ekitaldi horretan, Loterías erakundeko presidente Jesus Huertak be parte hartu dau.
Maruja film laburrak lehen saria irabazi dau, 10.000 eurokoa, eta teleoperadore baten noizbehinkako dei baten aurrean 80 urteko alargun batek bizi dauen zaurgarritasuna islatzen dau. Medusas film laburrak bigarren saria irabazi dau, 5.000 eurokoa, eta irudikatzen dau zelan bizi gaitekezan Espainiako kostaldera bizi hobearen bila heltzen diran personei bizkarra emoten. Beste lau finalistak ondokoak izan ziran: Campolivar (Alicia Moncholí Lueje); Cólera (José Luis Lázaro); Mi tía (Mikel Urretabizkaia); eta, Origami (Álvaro León).
Lehiaketearen helburua da aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta justizia soziala sustatuko daben mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzea ikus-entzunezkoak erabiliz. Koherentziari eutsiz, lehiaketara aurkeztutako film laburren gai nagusiak ondokoak izan dira: edadeko personen bakardadea eta jagoletzea, emigrazinoaren dramea, minbizia daben pazienteek eta euren familiek dituen arazoak eta genero-indarkeria.
Loterías y Apuestas del Estado erakundearen beharrezko babesa eskertu ondoren, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek ondokoa esan dau: pozik gagoz. Igaz bezela, maila handiko film laburrak izan ditugu, bai alderdi zinematografikoari zein jorratutako gaiei jagokenez be. Horrek erakusten deusku zinema, entretenimendua ezeze, gizartea kontzientzietakoko tresna be badala.
Loterías erakundeko presidente Jesús Huertak, barriz, ondokoa nabarmendu dau: Loterías erakundeak eta Donostia Zinemaldiak, gizarte-gaien aurrean sensibilidadea dabe eta, Loterías sariaren bigarren edizino honegaz, geure ekarpentxoa egingo dogu gizartea kontzientzietako: beharrik handiena daben kolektiboak artatuz baino ez dogu lortuko gizarte justu eta bardinzaleagoa izateko pausuak emotea. Kultura gizartea kohesionetako eta eztabaidea sortzeko ze elementu daben gizarte aurreratuek, esaterako geureak, eta aurkeztu diran film laburrek gizarteak alkarregaz aurrera egiteko behar dituan begirada kritikoa eta gizarte-konpromisoa ekarri deuskue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!