'50 urte ba(GA)rik' erakusketea Bilbon
2025-10-08 13:28 KultureaUrriaren 7tik zemendiaren 7ra arte izango da.
Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zala. Urteurrenaren harian, egitarau oparoa atondu dau Euskaltzaindiak haren urian, XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izan zana omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibersidadeagaz (EHU), Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koral Alkarteagaz alkarlanean atondu dau egitaraua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, EITB eta BBK Fundazinoaren babesari esker.
Bagilean ekin eutsen egitarauari Bilboko Txistularien Bandearen kontzertu eder bategaz eta ordutik jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako kontzertuak izan dira poeta bilbotarraren omenez. Orain, Euskaltzaindiak erakusketa bitxi eta deigarria muntau dau Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian: 50 urte ba(GA)rik. Erakusketa horregaz, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera emongo dira eta, bide batez, Arestiren ekarria balioan jarri, hau da, beronen lanaren meritua autortu, balioetsi eta ezagutarazo, Arestik euskal literaturea modernizetako eginiko ahalegina gogoratu eta euskerearen batasunaren hasieran izan eban eragina eta ikuspegi zorrotza nabarmenduz.
Arestiren objektuak
Erakusketea astelehenetik barikura (11:00-14:00 / 16:30-19:30) eta zapatuetan, goizez (10:30-13:00). Bertan, hain ezagunak ez diran Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak agiri dira eta, horreekaz batera, haren lanen lagin deigarri eta interesgarriak, zenbat-gura paneletan jasota: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari dedikautako poema ederrak... Aitamen, deskribapen eta poema-lagin gehienak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1967), Harrizko herri hau (1970) eta Azken harria (1976) poemarioetatik jaso dira. Baina Egan eta Anaitasuna aldizkariak be arakatu dira, Arestiren jatorrizko testuen bila, hareen idazkera zehatza agertuz, garai haretako euskera batuaren ahalegina, adituek behin eta barriro azpimarratu izan daben legez. Antzerki-piezak be idatzi zituan Arestik, tartean, Oilarganeko etxola batean. Hona hemen antzezlanaren hasierako deskribapena: Basa hondatu bat... ferde iluna. Laharrak edonundik. Arnotegi mendiaren atzekaldea da. Aldapa gora erpina. Etxolen itxurak edonundik. Eskuman, goialdean, burdin-mehatz abandonatuak....
Erakusketan itzulpen-lanak be badagoz. Arestik Don Kixote Mantxako eleberriko lehen zortzi kapituluak euskeratu zituan 1969an (gero, Susak argitaratutakoak, 1986an), Eugéne Pottierren Internazionala (gero Anaitasuna aldizkarian argitaratu zana, 1977an) eta Nazim Hikmet turkierazko idazlearen poema batzuk (Lau gartzelak izenburupean, Lur, 1971) ekarri baitzituan euskerara, besteak beste. Bere idatziak ez eze, idazlearen ahotsa entzuteko aukerea be emoten dau Foru Liburutegiko laginak.
Jakina denez, Arestiren lanetan leku berezia dabe bai Bilbok (Bilbaoko kaleak, / gora eta behera, / errekatik mendira, / batzuk artezak, / gehienak zeiharrak...) bai Meli Esteban bere emazteak (Orienteko perlea / Nobia neurea / Biotzeko puskea / Melitxu maitea...) eta erakusketa honetan be nabarmen ikusi daiteke hori dana. Azkenik, familiak lagatako objektu ugari dago erakusketan, besteak beste, Arestiren idazmakinea eta haren betaurreko ezagunak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!