Bilboko Koral Alkarteko Euskeria Abesbatzak Gabriel Arestiren poemak kantauko ditu
2025-10-03 07:56 MusikeaGuggenheim Museoan izango da abenduaren 10an.

Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea 1975eko bagilaren 5ean hil zan, 41 urte zituala. Urtemuga hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izandakoa omentzeko eta beronen ekarria goresteko hainbat ekitaldi atondu ditu Bilbon, Euskal Herriko Unibersidadeagaz (EHU), Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koralagaz alkarlanean.
Egitasmoak Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, EiTB eta BBKren babesa jaso dau. Egitaraua bagilean aurkeztu eban Akademiak.
Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera emotea da ekitaldiaren helburu Nagusia eta, beraz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi da, hau da, beronen lanaren meritua autortu, balioetsi eta ezagutarazo, Arestik euskal literaturea modernizetak eginiko ahalegina gogorarazoz eta euskerearen batasunaren hasieran izan eban eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz; hori dana beteteko, hamar ekimen aurkeztu ziran bagilean (berbaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), eta batzuk bagilean bertan egin ziran: Bilboko Udalaren Txistularien Bandearen Aitaren Etxea kontzertua; Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa, Gabriel Aresti katedrearen eskutik / EHU; eta Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena (Gabriel Aresti katedreak ondutakoa).
Egitarauan upealako ekitaldiak dagoz: astelehenean, urriaren 6an, kontzertu berezia izango da Guggenheim Museoan Museoko Adiskideentzat (sarrerak eskuragarri dagoz hemen). Euskal musikari eta poesiari eskainitako emonaldia izango da eta Arestiren lanak protagonismo berezia izango dau. Kontzertua ETBk grabau eta ondoren telebistan emongo da, hitzordu musikal hau museoko hormetatik harago eroanez. Zortzietan hasi eta ordu eta laurenekoa izango dau kontzertua. Bilboko Koral Alkarteko Euskeria Abesbatzaren indar koralagaz batera, bertan izango dira Antton Telleria (bateria), Antxon Sarasua (teklistea), Ander Ederra (gitarristea), Joanes Ederra (bajista elektrikoa), eta Bea Asurmendi kantautorea (Asurmendi Giovanni Cresseri bajisteagaz batera).
Kontzertuaren dramaturgia osotzeko, Idoia Jauregi kazetariak Arestiren olerkiak irakurriko ditu.
Urtea amaitu orduko, beste kontzertu bi iragarri ditue:
- Abenduaren 4an (BBK Aretoan, 19:00retan): Aresti mug(h)arri pieza eszenikoa (musikea ta errezitala), Joxan Goikoetxea zuzendariak atonduta.
- Abenduaren 10ean (Arriaga Antzokian, 19:30ean): Bilboko Koral Akarteko Euskeria Abesbatzaren kontzertua. Erosi sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!