Badatoz gurasoentzako eta etorkinentzako euskera eskolak Bermeon
2025-09-19 12:46 Euskerea berbagaiIrailaren 22tik urriaren 10era emon daiteke izena Berhaz bulegoan edo jagokon euskaltegian.

Bermeoko Udalak, Euskera Sailaren bitartez, gurasoentzako eta etorkinentzako euskera eskolak atondu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiakaz alkarlanean. Ikastaro horreen bidez, alde batetik, familia bidezko transmisinoa indartu gura da, euskeraz ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emonez; eta, beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorritakoentzat euskerea ikasteko aukerea zabaldu gura da. Ikastaroetan parte hartzeko interesa dabenek irailaren 22tik urriaren 10erako tartea izango dabe izena emoteko: Berhaz bulegoan eoan beharko da izena edo jagokon euskaltegian.
Iker Bilbao San Nikolas euskera zinegotziak esan dau urrian hasiko diran ikastaro horreek bagilera arte izango dirala, eta batean zein bestean, taldeei egokitutako metodologiak erabiliko dituela.
Gurasoentzako euskera ikastaroak AEK euskaltegiak eskainiko ditu. Jakitera emon dabenez, ikastaroetan bai euskeraz ez dakitenek edo maila baxua dabene parte hartu leikie. Seme-alabakaz ohiko hartu-emonetan komuniketako trebetasunak landuko ditue, ulermena olantzen eta berba egiten hasiko dira, testu laburrak irakurten eta idazten ikasiko dabe. Astean birritan batzen dira, ordu bi egun bakotxean, eta gehienbat edade txikiko seme-alaben gurasoei, tutoreei zuzendutako ikastaroa da. Metodologia praktikoa erabilten dabe, egunerokotasunagaz lotutako ariketak eginez. Matrikulea 20 euroan dago da.
Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, barriz, etorkinentzako ikastaroaren ardurea. Helburu nagusia da etorkinei euskerea ikasteko aukerea emotea, integrazino errazagoa izan deien. Astean lau ordutan batzen dira; ordu bi, egun bitan. Etorkinentzako ikastaroan komuniketako oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk landutako Aisa metodologiaren bitartez. Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilerea delako, eta erabilera horren bitartez lortu gura da etorkinak gure kulturea ezagutzea eta gure artean integretea. Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorritako personentzat atontzen da, berton biziteko euskerea ikastea sano alagunaría delako. Izan be, euskeraz jakiteak hartu-emonak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu. Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da gehi eskola materiala (17,50 €).
Euskerea ikasteko matrikulazino kanpainea martxan
2025-2026 ikasturtean euskera ikasteko matrikulazino kanpainea martxan dagoala nabarmendu dabe. Hiru zentro dagoz Bermeon euskerea ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. Hamasei urtetik gorako edozein herritarrentzat aukera anitza eta ordutegi zabala, metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak eskainita.
Hizkuntza Eskola Ofizialak, urtero legez, eskaintza zabala dauka 2025-26 ikasturterako. Euskerako A1eko talde bat dabe ikasturte honetarako eta oinarri-oinarrizko komunikazinoa lantzea dabe helburu, giro abegikorrean eta ikasle bakotxaren ezaugarriak eta beharrizanak kontuan izanda. Astean bitan izango ditue klaseak, ordu bi eta laurenekoa klase bakotxa.
Irailaren 29an hasiko dabe ikasturtea eta maiatzaren erdian amaituko dabe.
Hizkuntza Eskola Ofizialean izena emoteko epea zabalik dago eta abenduaren 31ra arte zabalik izango da. Matrikulearen prezioa sinbolikoa da baina arazorik izatekotan, bekak eskatzeko aukerea be badago.
Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko arduradunek dirulaguntzei buruzko xehetasunak emon ditue: dobakotasuna ez da osoa baina A1 eta A2 16 urtetik gorako herritarrentzat eta C1en kasuan, 16-18 bitarteko gazteentzat matrikulea diruz lagunduta dago. B2ra arteko mailetan euskaltegian gainditu ezkero, ikasleek matrikula osoa berreskuratuko dabe, baita 30 urtetik beherako C1 gainditzen dabenek be. Klaseak aurrez aurre edota online izan daitekez. Jakinarazo dabenez, AEK euskaltegian, aurten, C2 mailea be izango dabe. Klaseak arratsaldez izango dira, astelehenetan eta martitzenetan, 17:30etik 20:00etara.
Matrikulea egiteko beharrezkoak diranak eta eskuratu daitekezan dirulaguntzei buruzko informazioa euskaltegietan bertan jaso daiteke.
HABEk eta Bermeoko Udalak, dirulaguntzak eskaintzen ditue ikasleek ordaintzen daben matrikula gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan deien.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan dauenez, pozik gagoz aurten be guraso eta etorkinentzako euskera eskolak eskainiko diralako, aukera polita baita euskerara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Horrezaz gan, herriko euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako kideei eskerrak emoteko tartea be hartu dau, urte honeetan guztietan egin daben lanagaitik. Euskerea ikasteko aukera asko dagozala nabarmendu eta herritarrak animau ditu informazinoa eskatu eta euskerea ikai deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!