BOSek eta Koral Elkarteak kontzertu berezia egingo dabe
2025-09-19 07:55 MusikeaUrriaren 4an, Bilboko Kale Nagusian bertan, 20:00etatik aurrera.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Alkarteak dobako kontzertua eskainiko dabe Bilbon Foru Jauregiaren 125. urteurrena ospatzeko. Mikel Fernández zuzendari dala, ikusleek Bizkaiko erakunde kultural historiko bien eta Lorea López sopranoaren eta Aitor Garitano tenorraren jardunaz gozau ahal izango dabe. Kontzertuak ordubete inguruko iraupena izango dau eta euskal konpositoreak izango ditu ardatz; klasiko ospetsuak entzun ahal izango dira, besteak beste, Jesus Guridiren El Caserío eta Meiga, Charles Colinen Maitena edo José María Usandizagaren Mendi-Mendiyan.
Musika-maila handiko proposamen honegaz, Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Jauregiaren 125. urteurrena Bizkaiko herritarrakaz batera ospatzeko jardueren egutegia beteten jarraitzen dau. Eraikinaren aurrean, Kale Nagusian bertan egingo dan doako kontzertu honetarako 500 jarleku jarriko dira kontzertua ikusi nahi dabenentzat: 19:30etik aurrera esleituko dira, jarleku guztiak bete arte.
125. urteurrena ospatzeko kanpainea
Jauregiaren inaugurazinoaren 125. urteurrena ospatzeko kanpainea urte honen erdialdetik dago martxan eta hainbat jarduera egin dira: Bizkaiko gizarteko hainbat arlotako persona ospetsuak agertzen diran bideo hunkigarri bat zabaldu da; Moyuako metroko geralekua apaindu da eta dibulgazino-podcastak egin dira, eraikinaren historian, haren balio arkitektonikoan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko bizitza instituzionalean bete dauen zereginean sakontzen baita.
Foru Jauregia 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldien programazinoan sartuko da. Jardunaldion 25. urteurrena da eta datorren hilean gauzatuko da programazinoa, ondare arkitektonikoa ardatz hartuta. Aukera ederra eraikin honen xehetasunak eta historia ezagutzeko. Luis Aladrén Mendivil arkitekto aragoiarrak diseinau eban estilo eklektikoko eraikin hau eta 1900eko garagarrilaren 21ean inaugurau eben.
Programea
Mikel Fernández, zuzendaria.
Lorea López, sopranoa.
Aitor Garitano, tenorra.
- Bilboko Koral Elkartea (Enrique Azurza, zuzendaria).
- Jesús guridi
El Caserío, II. ekitaldiaren preludioa.
El Caserío, Buenos días [Duo, I. ekitaldia, V. agerraldia].
- Charle Colin
Maitena, Segalarien korua [II. ekitaldia, 15. zkb.].
- Jesús Guridi
La Meiga, II. ekitaldiaren bitartekoa.
La meiga, Yo te vi pasar [Tenor erromantza I. ekitaldia 4. zk.].
Mirentxu, Goizeko eguzki argiak [Soprano erromantza, II. Ekitaldia 15. zk.].
- Jose Maria Usandizaga / Ángel Briz
Mendi-Mendiyan, Suite.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!