Ekhiñe Zapiainek Nafarroako bertso eskoletako hiztun barriei eta ez hain barriei buruz egingo dau berba

Bizkaie! 2025-09-18 09:14   Bertsolaritzea

Bertso jarriak be bueltan, Hitzetik Hortzeran,

Ekhiñe Zapiain. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiztun barriak eta ez hain barriak Nafarroako Bertso Eskoletan izenburuko ikerketea ondu dabe Ekhiñe Zapiainek, Miren Artetxek eta Naroa Barrusok. Abiaburua Miren Artetxeren tesian solte geratu ziran horreei mutur batzuk hartu eta ikerketea egiten hasi ziran hirurak, Nafarroako Gobernuak bertsolaritzea ikertzeko eskaintzen dauen laguntzeari esker.

Egindako lan horri buruz alkarrizketea egin deutse Hitzetik Hortzera saioan Ekhiñe Zapiaini. Besteak beste, Nafarroako bertso eskoletako ikasleen eta bertsolarien profilak zeintzuk diran azalduko dau, hizkuntza legitimidadeari buruz ibiliko da, hizkuntzei jagokenean ditugun sinismenei buruz eta hizkuntza ideologiak bertsolaritzan dauen eragina zein dan azalduko du, baita ikerketearen ondorioak be.

Zapiainegaz barriketalia aprobetxau eta Nafarroako Bertsolari Txapelketea hasteko gitxi falta danez, txapelketeak herrialdean sortzen dauen giroari buruz be egingo dabe berba.

Bertso jarriak be bueltan, Hitzetik Hortzeran

Denporaldi honetan be bertso musikatuak izango zirala iragarri zan eta aste honetan izango da atalaren hasierea. Lehenengo honetan, Bertso barriak horma zaharrei jarriak izeneko sorta eskainiko da programan. Sorta hori Espainian behera bezela da ezagunagoa eta Xabier Amurizak idatzitakoa da 1972an. Bertsoetan Zamorako kartzelako espetxealdia kontetan dau Amurizak.

Programan Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek abestuko dabe sortea; musikea, igazko denporaldian bezela, Manex Pagolak jarriko dau.

Lakuntzako eta Orozkoko jaialdietako bertsoak

Plazako bertsoak be astero ikusi eta entzun ahal izaten dira Hitzetik Hortzeran eta holan izango da orain be. Alde batetik, Lakuntzako jaietako jaialdiko bertsoak izango dira: Aner Peritzek, Onintza Enbeitak eta Saats Karasatorrek kantau eben eta gaiak jarten, barriz, Ibai Hernaiz eta Jasone Etxebeste.

Beste alde batetik, Orozkoko jaietako bertsoaldiak be izango dira datorren zapatuko programan. Begoñe Olabarriak gidatu eban saioa eta bertsotan Jon Maia, Nerea Ibarzabal eta Oihana Bartra ibili ziran.

Irailaren 20an izango da Hitzetik Hortzeraren bigarren atala. Iluntzeko 21:00etan hasiko da, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu