Bilboko Udal Musika Bandeak 'Sustraidun Musikea' eskainiko dau Azkuna Zentroan
2025-09-17 10:32 Musikea2025/2026 denporaldiaren estreinaldia izango da.

Datorren barikuan, irailaren 19an, arratsaldeko 19:00retan, Bilboko Udal Musika Bandeak kontzertua eskainiko du Azkuna Zentroan, Iñaki Urkizu Kerejetaren zuzendaritzapean.
Kontzertua 2025/2026 denporaldiaren hasierakoa da, Profilak izenburukoa, hain zuzen be, gure gizartearen aniztasuna eta askotariko nortasun musikalak ospatzen dituana.
Programeak arabiar, afrikar, latinoamerikar eta mediterranear tradizinoak gogora ekarten dituen obrak batzen ditu, kolorez eta bizitasunez beteriko errepertorioan. Sartzea doban izango da jarlekuak bete arte.
Zuzendariordearen aginduei jarraituz, bandeak entzuleak kontinente askotako kultura eta tradizino musikaletan zeharreko soinudun bidaia eskainiko deusku.
Programan honako lanak entzuteko aukerea izango da: Pascual Marquinaren Certamen Levantino (pasodoblea), James Barnesen Alvamar Overture, Gabriel Piernéren Ramuntcho (Oberturea), Brian Balmagesen Arabian Dances, Van McCoyren African Symphony eta Mexikoko konpositore dan Jesús Arturo Márquezen La Conga del Fuego Nuevo.
Mediterraneoko folklorea eta Latinoamerikako erritmo bizi eta sutsuak, mundu arabiar eta afrikarraren eraginak ahaztu barik, hautaketa honek munduko kultura eta lurralde askotatik datozen soinuak ekarriko ditu agertokira, entzulea bidaia musikal parebakoan sartuz.
Azken buruan, denporaldiaren hasierea Euskalduna Jauregian izango da urriaren 5ean, domekan, Bidaia kontzertuagaz. José Rafael Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean eta Iñaki Alberdi akordeonistea solista edo bakarlari izango dalarik, Juan Cubillasen Guerras cántabras obra estreinauko da eta interpretauko dira Chen Yiren Wind, Asins Arbóren Mare Nostrum eta Federico Jusiden aitatutako Bidaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!