Poesiak aberriaren gaia zelan jorratuko dauen aztertuko da aurten
2025-09-16 12:33 KultureaIrailekoak egitasmoaren hirugarren aldian.

Aurten 700 urte bete ditu Lekeitio uribilduak eta urte osoa daroe ekitaldiz ekitaldi. Euskaltzaindiak be bat egin nahi izan dau urtemugeagaz eta Irailekoak poesia-jaialdia atondu dau, Lekeitioko Udalaren babesari esker eta herriko Kitto eta Recreatiba alkarteen laguntzeari esker. Gogoratu behar da 2023ko edizinoa, estreinakoa, Lekeition bertan egin zala, publikoaren erantzun handiz. Aurten, baina, hiru egun hartuko ditu jaialdiak, irailaren 26a, 27a eta 28a.
Gaur aurkeztu dabe Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Miren Agur Meabe Euskaltzaindiko idazkariak. Antton de la Lama Lekeitioko Kultura zinegotzia be hurbildu da bertara.
Egitasmoaren berezitasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbatu ditu: Irailekoaken helburuak hasierakoak dira: euskal poesia sustatu eta euskal poetei plaza erakargarri bat eskaini euren lanak ezagutarazoteko. Era berean, erakundeen arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau euskaltzainburuak: Ez dago beste modurik, eta Euskaltzaindia beti ahalegintzen da horretan, hau da, kultur eragile eta erakundeakaz batera jokatzen. Ander Aldazabalek be bat egin dau Urrutiaren jarrereagaz eta autortu dau 2023ko edizinoa ederra eta mamintsua izan zala, herritarrek emondako erantzuna gogoratuz.
Eusebio Erkiagari omenaldia
Miren Agur Meabe euskaltzain osoak poesiari buruz egin dau berba gaur Euskaltzaindiaren egoitzan, haren indarraz eta haren aberastasunaz: Poesiara hurbiltzea danona dan ondare inmaterial deskribagatx bat ukitzea da, eta ondare hori, aldi berean, gu ukututen ixtea. Eta era askotara egin daiteke hori: panorama orokorrak eskainiz, joera barriei buruzko gogoeta eginez, honako eta halako egikerak kontrastauta, poesiaren eta beste adierazpide batzuen arteko disziplinartekotasuna aztertuz, hizkuntza gitxituetan idazten daben sortzaileen ahotsak entzunez eta. Hori dana batu nahi izan dogu Irailekoaken.
Gero, poesia-jaialdiaren egitaraua aletu dau. Holan, hiru egunetan egingo da Irailekoak, antzerki-lan eder bategaz estreinauko baita. Hain zuzen, Formol Laborategiko Heriotzak Eduardo dau izena antzezlanagaz (irailaren 26an, 20:30ean, Ikusgarri zineman). Susa argitaletxeagaz batera produzidutako lana da eta eurek ez-errezitaldi bat planteetan dabe, hankaz gora jarriz poesia-errezitaldien betiko modu eta ereduak.
Zapatuan, barriz, Hedoi Etxarte idazleak poesian aberriaren gaia zelan jorratu dan aztertuko dau Recreatiba alkartean, goizez. Ondoren, Eusebio Erkiaga idazle eta euskaltzainaren omenezko ekitaldia izango da. Hain zuzen, Udalak eta Akademiak plaka bat jarriko dabe lekeitiar idazle eta euskaltzainaren jaiotetxean (Eliz Atean); ondoren, haren omenezko bertso batzuk botako ditu Xabat Galletebeitiak. Olerkaria eta nobelagilea, gerra aurreko euskal kulturearen eragile sutsua izan zan Erkiaga eta, gerra ostean, euskal kulturearen biziraupenerako katebegi garrantzitsua.
Ekitaldia amaitu eta errezitaldia izango da, San Juan Talakon. Bertan ibiliko dira Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labaka, Nabil eta Toki musikarien laguntzaz. Arratsaldean ohiko ibilaldi poetikoa egingo da herriko leku jakin batzuetan (Abaroa parketik hasita); bertan parte hartuko dabe Leire Vargasek, Iker Aranberrik, Raquel Pardok, Edu Zelaietak eta Luzien Etxezaharretak. Azkenik, Rifqa: honengatik egiten dogu jantza errezitaldi musikatuagaz zarratuko da zapatuaa, Mareaerrota espazioan.
Aurtengo konbidaduak: Chus Pato eta Miriam Reyes
Miren Agur Meabek esan dauen legez, jaialdiaren bitartez euskal poeten lana gizarteratu nahi da, baina beste bazter batzuetako poeten lana be erakutsi nahi da. Holan, Chus Pato eta Miriam Reyes galiziarrak izango dira aurtengo konbidaduak. Domekan, goiz partean, Danele Sarriugartek alkarrizketatuko ditu biak, Recreatiba espazioan eta, ondoren, Sonora izeneko ikuskizun poetikoa eskainiko dabe.
Chus Pato (Ourense, 1955)
1991tik 2023ra bitartean hamabi poema-liburu idatzi ditu eta horreei esker hainbat sari jaso, besteak beste, Espainiako Poesia Sari Nazionala, Losada Diéguez saria (birritan), Premio da Irmandade do libro saria, Premio da crítica de poesía galega saria, Clara Campoamor saria eta Galiziako Kritikaren saria, Literatur sorkuntzearen atalean.
Nabarmentzekoa da bere pentalogia Decrúa, antes Método, [Murriztu (lehen, Metodoa)] hor honakoak batzen baitira: m-Talá, Charenton, Hordas de escritura [Idazketa tropelak], Secesión [Sezesioa] eta Carne de Leviatan [Leviatanen haragia], bai eta bere azken liburua be: Sonora [Soinudun]. Bere zazpi poema-liburu ingelesera itzuli ditu Erin Mourek eta Britainia Handian, AEBn eta Kanadan kaleratu dira; beste batzuk, barriz, beste herrialde batzuetan argitaratu ditu, besteak best, Argentinan, Portugalen, Herbehereetan, Bulgarian eta Frantzian. Era berean, bere poema hautatu batzuk katalanera, euskerara, gaztelaniara, polonierara, arabiera klasikora, frantsesera, errumanierara, errusierara, eslovakierara, alemanera eta eslovenierara itzuli izan dira. 2015ean, Harvard Unibertsitateko Woodberry Poetry Room bildumara gehitu eben haren ahotsa. 2017ko irailaren 23an, Real Academia Galegako kide oso izentau eben. Ultramarinos argitaletxeak Poesía reunida de Chus Pato [Chus Patoren poesia bildua] kaleratu dau: proiektu horretan, Patoren obrea gaztelaniara itzuli dau Gonzalo Hermok. Catasóseko basotik gertu bizi da.
Miriam Reyes (Ourense, 1974)
Zortzi urte zituala Caracasera emigra eban gurasoakaz. 2001ean Espejo negro (DVD) argitaratu eban. Bere bigarren poema-liburuagaz, Bella durmiente, Hiperión Sariko finalista izan zan (2004). Ondoren Desalojos (Hiperión, 2008), Haz lo que te digo (Bartleby, 2015), Prensado en frío (Malasangre, 2016) eta Sardiña (Chan da pólvora, 2018) argitaratu zituan, danak Extraña manera de estar viva (Mixtura, 2022) liburukira batuta. Bere azken lana Con da (La Bella Varsovia, 2024). 2025eko Espainiako Poesia Sari Nazionala eskuratu dau. Bere lana nazino eta nazinoarteko antologia ugaritan jaso da eta dozena erdi hizkuntza baino gehiagotara itzuli da. 2001etik ikus-entzunezko idazketeagaz eta multimedia-errezitaldiagaz esperimentetan dau. Poesia, spoken word eta arte eszenikoen jaialdietan aurkeztu ditu bere bideo-errezitaldiak. Gaur egun Bartzelonan bizi da.
Bestelako jarduerak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emoteko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak Kitto merkatarien alkartearen laguntzaz. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira. Gainera, eta iraileko egun horreetan egindakoaren lekukotzea jasoteko, Iraileko Paperak aldizkariaren hirugarren zenbakia plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Aurten, Sonia Rueda bilbotar sortzaileak edertu dau jaialdian parte hartzen daben poeta eta ikusleen artean banatuko dan argitalpen hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!