XII. Atlantikaldiak 'Zeharkaldiak – Travesías izango dau Goiburu

Bizkaie! 2025-09-16 10:50   Musikea

Irailaren 18tik 21era, makinatxu bat jarduera izango dira Errenterian.

Ohikoa denez, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: Lehendakari Agirre plazako Itsasargi Nagusia izango da agertoki nagusia; Herriko Plaza, hurbileko emonaldiak hartzeko eszenatokia; Kalekaia, Panier orubean, arte urbanoari eskainia; eta Herrixka, Foru plazan, jarduera parte-hartzaileetarako eta gastrogune legez.

Musikeari jagokonez, Atlantikaldia, beste behin, nazinoarteko eta tokiko artisten arteko topagune zabala izango da eta, itsas-alkarrizketen bidez, oholtzea konpartiduteko aukerea be izango da. Holan, Pambelé talde afro-kolonbiarra Euskal Herrian bizi dan Laura Penagos kolonbiarragaz batera ikusteko aukerea izango da; Kataluniako Muchachito Bombo Infierno Pirata musikari errenteriarraga; Marokoko Aïta Mon Amour BihoTX txalapartariakaz eta Portugalgo Kumpania Algazarra Mirua talde tolosarraga.

Musika eskaintzea sano zabala da, besteak beste, Jumelage, Eider, Ramon Mirabet, Anixe, Kiliki, Luke Armstrong, Aiert, Errenteriako Musika Bandea, AimarZ edo Castazabal taldeakaz.

Beste alde batetik, Herri Arte Eskolak bosgarren urtez egingo dau bere ekarpena. Ikasle eta irakasleek Okzitaniako artistakaz batera landutako alkarlanaren emoitzea aurkeztuko dabe: Joanis Mathieu, Yann Espouy eta Patxi Perezegaz Errenterian egindako egonalditik sortu zan piezea taularatuko dabe.

Aurtengo hitzordu berezien artean, nabarmena da Palestinako Sol Band taldearen kontzertua; Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Arkaitz Miner euskal sortzaileak igonko dabe oholtzara danen artean ikuskizun berezia eskaintzeko.

Jantzak, literaturea, ume eta familientzako jarduerak, tailerrak, gastronomia be izango dira jaialdian protagonista.

  • Izen-emoteak eta jarduera bereziak

Atlantikaldiak eskaintzen dituan jarduera guztiak doban dira, baina zenbait ekimenetan parte hartzeko aurrez izena emon beharko dala gogorarazo dabe atontzaileek: bisita gidatu, Sukaldian, Emakumeen Etxeko DJing tailer eta paddle surf saioetan, hain zuzen be. Izen-emote epea irailaren 15era arte egongo da zabalik.

Bisita gidatu bereziak egingo dira irailaren 18, 19, 20 eta 21ean, euskeraz eta gaztelaniaz. Parte-hartzaileek aukerea izango dabe Alde Zaharra, emakume iraultzaileen historia, industria garaiko Errenteria edo itsas sustraiak ezagutzeko. Aurten, ganera, Palestinako errefuxiatuen egoereari buruzko ibilbide tematiko bat be eskainiko da.

Familientzako pista-joko bi be izango dira: 5 ateen bila izenekoa, irailaren 20an, 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendua; eta Errenteriako altxorrak azaleratzen, irailaren 21ean, 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Kasu bietan, umeek heldu bategaz joan beharko dabe. Horrezaz gan, Oiartzun ibaian paddle surf egiteko aukerea izango da irailaren 20an, arratsaldean, eta Emakumeen Etxean DJing tailer berezi bat atondu da 15 urtetik gorako emakumeentzat.

  • Sukaldian, kulturarteko gastronomiaren bihotza

Atlantikaldiaren bereizgarrietako bat da Sukaldian ekimena, gastronomiaren bidez jaialdiak kulturarteko topaketeari egiten deutson ekarpenik nabarmenena. Herriko alkarte gastronomikoetan herritarrek eta atzerritik etorritako komunidadeek alkarregaz kozinauko ditue hainbat herrialdetako errezetak: Maroko, Aljeria, Ganbia, Mexiko, Ukraina, Mongolia, Venezuela, Galizia eta ijito komunidadea izango dira aurten sukaldaritza prozesu horretan protagonista. Goizeko 10:00etan hasiko dira prestaketa-lanak Errenteriako alkarte gastronomikoetan.

Ondoren, 13:30ean, egindako pintxoak probetako aukerea izango da Herrixka gunean, euro baten truke. Batutako dirua Zaporeak proiektuari emongo jao, solidaridadea eta kulturea buztartuz. Holan, Atlantikaldiak herriko alkarteen lana eta nazinoarteko komunidadeen presentzia bateratzen ditu, gastronomia alkarrizketa eta bizikidetzarako espazio bihurtuz.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu