Koldo Mitxelena Sarietarako deialdia edegi dabe
2025-09-12 13:53 Euskerea berbagaiLehen aldiz, edozein unibersidadetako tesiak aurkeztu ahal izango dira.

Euskal Herriko Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak euskeraz egindako ikerketak sustatzeko asmoz sortu ziran Euskerazko Doktorego Tesien Koldo Mitxelena Sarietarako deialdia egin dabe. IX. deialdia da aurtongoa eta irabazle bana esleituko da ondoko bost jakintza-arlo nagusietan: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientziak, Injinerutzea eta Arkitekturea. Arlo bakotxean irabazle bakarra izango da eta diplomea eta 3.000 euroko sari bana emongo jake.
Holan, EHUn 2022ko irailaren 1etik 2025eko garagarrilaren 31ra artean euskeraz idatzi eta defendidutako doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Lehen aldiz, Europar Tesi edo Nazinoarteko Tesi bezela beste unibersidade batzuetan aurkeztutako lanak be onartuko dira (erabilitako hizkuntzetako bat euskerea izan beharko dau). Tesia defendidu dauen doktoreak berak aurkeztu beharko dau hautagaitzea, baita eskabide-orria eta tesiaren kopia be. Eskariak aurkezteko epea astelehenean hasi eta urriaren 6an amaituko da.
Balioespen-erispideak
Eskaria egiteko, inprimaki berezia erabili behar da, hain zuzen be, EHUko Erregistro Elektroniko Orokorrean eskuragarri dagoana (hemen).
Ondoko dokumentazinoa aurkeztu behar da:
- Eskabide-orria.
- Tesiaren kopia digitala: PDF formatuan, CDan nahiz pendrivean (euskarria bueltau egingo da).
- Nortasun Agiriaren fotokopia.
- Curriculum vitae osoaren kopia digitala, batez be, hirugarren atalean aitatzen diran merezimenduei buruzko argibideak jasota.
Epaimahaiak tesiaren edukia eta tesian erabilitako euskerearen kalidadea balorauko ditu eta, behar izan ezkero, tesiak komunidade zientifikoan lortutako eragina. Horretarako, batez be, idazkuntza-moldean eta terminologian egindako ekarpenak kontuan hartuko dira.
Mitxelenaren ekarpena
EHUn igaz 546 doktorego-tesi aurkeztu ziran, horreetatik 92 euskeraz (nazinoarteko aitamenagaz horreetako 57). Euskerazko tesien ekarpena bikotxa da: alde batetik, beste hizkuntza batzuetan eginiko gainerako tesiek lez, jakintzan sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dabe eta, bestetik, euskerearen normalizazinoaren prozesurako ezinbestekoak diran laguntzak eskaintzen ditue.
Koldo Mitxelena euskal hizkuntzalariak inork baino hobeto landu eta garatu eban ekarpen bikotx hori. Irakasle ospetsu eta euskaltzain bikainaren autortzaz, euskerazko tesien sari horreek Koldo Mitxelena izena daroe.
Koldo Mitxelena Errenterian jaio zan, 1915eko abuztuaren 20an, eta euskaltzale eta ikertzaile gartsua izan zan, euskerearen bateratze-prozesuaren ardatz, buru eta arima. Gizon jakintsua izateaz gan, ekintzaile aparta izan genduan Mitxelena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!