Dantzertik ikasturteari hasierea emon deutso

Bizkaie! 2025-09-12 12:47   Kulturea

Bilboko Campos Eliseos Antzokian.

Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak hasierea emon deutso 2025-2026 ikasturteari Bilboko Campos Eliseos Antzokiko kupulan egin dan inaugurazino-ekitaldian.

Dantzertik ilusinoz betetako urteari egingo deutso aurre: hamargarren urteurrena ospatu eta maiatzaren hasieran Bilbon egingo dan Estaduko Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolen topaketea atonduko dau. ESADFEST jaialdia da eta ehundaka aktore eta jantza eta antzerki ikuskizunetarako hautagai ekarriko ditu, Dantzertiren babesari esker.

Iñaki Orbe Hezkuntzako Bizkaiko ordezkariak eskolea zoriondu dau: Dantzerti estadu mailan erreferentziako zentroa da eta gero eta emoitza hobeak lortzen ditu, kalidade handiko arte eszenikoetako profesionalak trebatuz. Era berean, Dantzertiren proiektuari eta lidergo pedagogikoari esker peninsulako iparraldeko goi-mailako jantza konserbatorio bakarra da, eta horrek, erreferente bihurtzen dau. Aurtongo erronkak jantza graduko eskaintzea garatu, espezialidadeak ugaldu eta nazinoartekotzea sustatzea izango dira. 

Dantzertik euskal gizarteari egiten deutson ekarpena be aitatu dau Hezkuntza Sailak, adierazpen artistikoen bidez gizartearen aniztasuna islatu eta horrek Euskal Hezkuntza Sisteman eragina dauelako. Eusko Jaurlaritzearen ustez, Dantzertik artearen konzientzia sortzen lagundu behar dau, eta gizarteari helarazo behar deutso, errespetua, ekidadea eta aukera-bardintasuna lako balioak sendotzeko.

Ikasturte barria aurkeztu ondoren, SGAEk atondutako mahai-ingurua egin da, Ideiak Proiektu Bihurtzen ekitaldiaren III. edizinoaren barruan. Antzerkigintzearen hainbat esparrutan lan egiten daben sortzaileak eta artistak izan dira ekitaldian, besteak beste, Fernando Bernués zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea eta Itxaso Larrinaga SGAE Fundazinoaren XIII. Idazketa Tailerrean parte-hartzeko aukeratutako sortzailea.

Goi-mailako prestakuntzea artearen munduan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak goi-mailako prestakuntzearen alde egin dau, Hezkuntza Sailari atxikitako Dantzerti eta IDarte lako proiektuen bidez, arte eszenikoetako profesionalak trebatzeko, goi-mailako prestakuntza artistikoa eta sortzailea eskainita. Hiru lurraldeetan eskaintzen da arte-hezkuntzea eta horrek sektore profesionala indartzea eta Euskadiko talentuari eustea dakar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu