Argia Ereiten XVI. Sarirako hautagaitzak proponiduteko epea zabalik

Bizkaie! 2025-09-11 13:27   Euskerea berbagai

Urriaren 5era arte, hain zuzen be.

Datorren urriaren 5era arte zabalik egongo da Euskara Saria Argia Ereiten XVI. Lehiaketarako hautagaitzak aurkezteko epea, Getxoko Udalak antolatuta, euskararen gizarte erabilera babesteko, sustatzeko edo zabaltzeko zereginetan nabarmendu diran erakunde, alkarte edo persona fisiko nahiz juridikoak goraipatzeko.

Hautagaiak aurkezteko euskara@getxo.eus helbidera bialdu daiteke, baita webgunean dagoan formularioa beteta be.

Zaloa Campillo Euskera zinegotziak, beste urte batez, getxotarrak animetan ditu lanean, kulturan, kirolean, musikan, aisialdian, teknologia barrietan, egunerokoan eta beste arlo batzuetan euskerea sustatzen daben persona, talde, alkarte zein saltokiaren izenak proponidu deiezan. Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da, sariduna suertatzen danari zemendian egingo dan ekitaldian emongo jakona.

Aurreko saridunak

Udalaren webgunean bideoa jarri dau Euskera Zerbitzuak, orain arteko 15 edizinoetako irabazleen argazkiak, izenak eta merituak jasoten dituana, hautagaitzak aurkezteko informazinoagaz batera.

  • Lehen edizinoko sariaren irabazlea Laura Lapeyra izan zan, Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Alkartean euskerearen erabilerearen alde egindako lanagaitik.
  • Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zan, bizitza osoa hizkuntzea sustatzen ibilteagaitik.
  • Hirugarrena San Nikolas Ikastoleak eroan eban, 50.urteurrenean euskerazko heziketan egindako lanagaitik.
  • Laugarrena Nahikari Ayorentzat izan zan, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzearen alde egindako lanagaitik.
  • Bosgarrena Gobela Ikastoleak irabazi eban bere 50.urteurrenean.
  • Seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat izan zan euskerearen alde egindako lanagaitik eta udalerrian orain 20 urte baino gehiago martxan jarritako Berbalaguna ekimena autortzeko.
  • Zazpigarrena Goñi familiarentzat izan zan, Getxoko gasolindegian egindako lanagaitik.
  • Zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari emon jakon, bere kirol jardueran euskerea sustatzeagaitik.
  • Bederatzigarrena ALBErentzat izan zan 1980an sortu zanetik euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanagaitik.
  • Hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzailearentzat, klubaren barruan euskerea sustatzeagaitik.
  • Hamaikagarrena Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasentzat izan zan, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagaitik.
  • Hamabigarrena Joserra Onaindiarentzat euskeraz biziteko jarrera nekatuezinagaitik.
  • Hamairugarrena Geroa Ikastoleak irabazi eban, 50 urteko ibilbideko konpromisoa eta lana autortzeko.
  • Hamalaugarrena Haria euskal gazte aisialdi alkartearentzat izan zan, nerabeentzako euskerazko jarduerak era boluntarioan atontzeagaitik.
  • 2024. urtean Tor magoak (Aitor Bilbao Beramendi) jaso eban saria, kulturan euskerearen erabilerea magiaren munduan sustatu eta zabaltzeagaitik

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu