Imanol Lazkanok Hitzetik Hortzeraren denporaldiari hasierea emongo deutso

Bizkaie! 2025-09-10 13:33   Bertsolaritzea

Andrea Lopetegi da zuzendari barria.

Irailaren 13an hasiko da astez asteko ibilbidea Hitzetik Hortzera telebista saioak. Lehen saioan Imanol Lazkano izango da protagonista. 2012an itxi eutson bertso plazak egiteari, baina plazan ibili ez arren, ez deutso itxi bertsolari izateari; halanda ze, egunero dau bertsoa presente.

Umetatik zaletu zan, eta, gerora, bertsolariakaz kantetako eta lagun izateko aukerea izan eban, esaterako, Uztapide eta Basarri. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre be izango ditu berbagai, alkarregaz plaza asko egindakoak dira-eta. Bertsolari horreekaz kantuan ibili zan modu berean, ondoren bertsolari gazteakana hurreratzea tokau jakon. Aldaketa horrezaz be berba egin dau.

Bertsotan ezeze, Alkarteari buruz be egingo dau berba. Bertsozale Alkartearen sorrerea, 1986an atondu eben lehen txapelketea eta 18 urtez Bertsozale Alkarteko buru izandako aldiaz ibiliko da. Gaur egun alkartea zelan ikusten dauen kontauko dau.

Imanol Lazkanok jarritako bertsoak be entzungo dira; halanda ze, Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan egingo zala jakindakoan sortu zituanak kantauko ditu.

Halanda be, ez dira programan entzungo diran bertso bakarrak izango. Bertso saio biko lagin bana be egongo dira. Batetik, Gorlizko jaialdikoa: Beñat Vidalek jarritako gaiei kantuan ibiliko dira Alaia Martin, Imanol Uria, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi. Bestetik, Andoaingo Sorabilla auzoko jaialdikoa: bertsotan ibiliko dira Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Nerea Elustondo; gaiak jarten, Amaia Agirre.

Barrikuntzak barrikuntza, igazko bidetik ibiliko dira

Daborduko ezaguna dan formatua izango dau denporaldiak. Mirari Martiarena izango da aurkezlea eta gidoilari lanetan be bera ibiliko da. Andrea Lopetegi izango da zuzendari barria.

Iraupena be aldatuko da. Programa gehiago izango ditu irailean hasi eta maiatzaren amaierara arte.

Hori bai, ohiko ordutegian izango da. Zapatu gauetan emitiduko da, 21:00etan, ETB 1en. Horrezaz gan, domeketan errepetizinoa eskainiko da eta Nahieranen be izango da ikusteko aukerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu