Urriaren 4an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2025-09-08 10:27   Bertsolaritzea

Finala, zemendiaren 29an izango da Nafarroa Arenan.

47. Nafarroako Bertsolari Txapelketea aurkeztu dabe jentaurrean, Nafarroa Arenan. Aurkezpenean izan dira Nerea Bruño, Nafarroako Bertsozale Alkarteko burua; Saioa Oneka, Nafarroako Bertsozale Alkarteko koordinatzailea; eta Jabi Arakama, Euskarabidea – Euskerearen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea. Arakamak hartu dau berbea eta proiektuari babesa emoteko izan daben prestutasunaz ibili da.

Nerea Bruño 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak egingo dauen bideaz ibili da: Nafarroaren lur berdeak, horiak eta gorriak zehartuko ditu. Euskal kultureaz disfrutetako topalekua izango da, bertsolaritzearen bueltan dabizen eragile eta norbanako guztientzako alkargunea hain zuzen be.

Bertsolaritzeak gorakadea dabil izaten Nafarroan, ikusle kopuruari eta bertsogintzeari jagokonean. Horregaitik, 2025eko txapelketako finala Nafarroa Arenan izango da lehenengoz.

Saioak

Saioa Onekak datuak eta datak emon ditu: 30 bertsolarik emon dabe izena txapelketan, eta behin sailkatze fasea amaituta, 24 izango dira Auritzen hasiko dan ibilbidean, azken txapelketan baino bi gehiagoGuztira, zortzi saio izango ditu txapelketeak, izan be, Nafarroako Bertsozale Alkartearen helburuetako bat bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzea da. 

Txapelketea lehenengo faseagaz hasiko da. Lau saio izango ditu fase horrek: Auritz, Mutiloa, Irurita eta Los Arcos. Hor ibiliko diran 24 bertsolaritatik 18k egingo dabe aurrera, finalaurrekoetara. Finalaurrekoetan hiru saio izango dira: Agoitzen, Leitzan eta Tafallan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, zemendiaren 29an, zapatuan, Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari ibiliko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horreen artean, saioan zehar puntuazino altuena lortzen daben bertsolari bik buruz burukoa jokatuko dabe.

Gainera, txapelketea puntuagarria da Euskal Herrikora begira. Onekak aitatu dau hor be badagozela barrikuntzak: orain arte bost ziran Euskal Herrikorako txartela lortzen ebenak. Aurton, barriz, zazpi bertsolari sailkatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako.

Parte-hartzaileen artean, aurpegi barriak

Parte-hartzaileei jagokonez, barriak eta aspalditik parte-hartzen daben beste hainbat be ibiliko dira lehian. Aurton, gainera, hiru txapeldun izango ditue: Julen Zelaieta, Saioa Alkaiza eta Julio Soto. 

Horreezaz gan, epaileek, gai-jartzaileek, atontzaileek eta laguntzaileek osotzen dabe txapelketea.

Saioak bertatik bertara ikusteko, hemen erosi ahalko dira sarrerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu