'Eingule?' lehiaketeak Bermeoko jaiak girotuko ditu
2025-09-01 12:14 Euskerea berbagaiIrailaren 6an (zapatua), 21:00etan, txosnagunean egingo da.

Bermeoko berbekaz jagonean ibiltzeko Eingule? lehiaketea atondu dabe betiko lez, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotzeko. Halanda ze, gazteen parte-hartzea sustatzea gura dau Bermeoko Udalak aurton be, horregaitik, Txosna batzordeagaz alkarlanean, txosnagunea edegiten dan egunean egingo da lehiaketea. Modu horretan, Eingule? lehiaketea irailaren 6an (zapatua), egingo da, 21:00etan, txosnagunean.
Lehiaketeak Bermeoko hizkerea, identidadea eta kulturea edegitea dau helburu, eta herritarrei nortasuna emoten deutsen hizkereak egunerokotasunean dauen baliagarritasuna agerian itxi gura da.
Eingule? lehiaketan parte-hartzea herritar guztiei edegita dago; banaka, bikoteka edo taldeka parte hartu ahalko da. Asmazank formatua erabiliko da lehiaketarako, eta telefono bidez olgau beharko da.
Parte-hartzaileek 24 galdera erraz erantzun beharko ditue, eta puntuazino altuena lortzen daben lehenengo hiru parte-hartzaileek irabaziko ditue sariak. Erantzuteko denporea eta ondo erantzutea kontuan izango dira puntuazinoetarako. Sariak herriko denda batean gastetako 60, 100 eta 150 euroko txartelak izango dira.
Bideoak sare sozialetan
Aurton be, herritarrak berba egiten jarri ditue, herrian erabilten diran berba errazak berreskuratzea da helburua. Beraz, gaur hasita bost bideo edegiko dira sare sozialetatik, eta bideoetan erabilten diran berba erraz horreek ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa, herritarren artean berreskuratzeko asmotan.
Horrezaz gan, Eingule? lehiaketearen egunean bertan, Bermeoko esaerak gogorarazoteko eta euskerearen erabilerea bultzatzeko helburua daben hainbat pegatina banatuko dira txosnagunean.
Bermeoko Euskera zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek lehiaketan parte-hartzera animau ditu bermeotarrak: gure hizkerea eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkereak berak gure nortasuna definiduten dau, eta gurea berreskuratu eta indartu nahi dogu. Aurton be, gazteen parte-hartzea bultzatu gura izan dogu. Halanda be, edozein herritarrek parte har leikete. Animau datorren zapatuan txosnagunera bertaratzen, euskareagaz ondo pasetako aukerea izango dogu herriko jaien atarian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!