Laida Aldazek edegiko dau 'Tabakalera Dantzan' zikloa
2025-08-11 09:16 MusikeaIn Perspective/Tabakalera lanagaz.

Gaur, hilak 11 eta 14ra arte, biak barne, Tabakalerako hainbat gune Tabakalera Dantzan zikloa hartuko dabe. Donostiako Musika Hamabostaldiaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroaren arteko lankidetzatik sortutako zikloak helburu ditu jantza garaikidearen esparruan sorkuntza sustatzea eta diziplina artistiko hori hedatzeko plataformea izatea.
Zikloa Musika Hamabostaldiaren barruan egiten danez, ezinbestean, jantza eta zuzeneko soinuaren arteko hartu-emona oso presente dago hainbat piezatan: horreetako hirutan zuzeneko musikaz disfrutauko dogu; eta beste bati zuzenean ibiliko dan DJ batek jarriko deutso musikea.
Tabakalera Dantzan ekimenaren funtsezko beste oinarrietako bat daborduko ibilbidea egina daben sortzaileei ikusgarritasuna emotea da, sorkuntza egonaldien bidez. Horreetan, artista egoiliarrari erabateko askatasuna emoten jako bere bilaketa artistikoak parteka deian. Orain arte egindako edizinoetan, egonaldiak ezaugarri jakin baten inguruan egin dira: lehendabizikoan (2023), erakusketa bategaz alkarrizketan lan egin eban Blanca Arrietak; bigarrenean, musikari garaikideekaz alkarlanean jardun eban Myriam Perez Cazabonek, eta aurton Idoia Zabaleta koreografoak egingo dauen egonaldian, proponiduten dana da daborduko hasita dagoan eta lantalde zabal bategaz garatzen dabizen lan-prozesu bati jarraipena emotea. Egunotan Idoia Zabaletak Idurre Azkue, Jone Amezaga, Jone San Martin eta DJ Bihotzagaz lanean dabil, Orta edo nor-bat dantzan_pista de baile pieza prestetan; eta emoitza abuztuaren 13an estreinauko dau Patioan.
Abuztuaren 11n, Laida Aldazek Tabakalerako eraikina hartuko dau In Perspective/Tabakalera lanagaz. Eraikina hutsik egongo da, astelehenetan publikoarentzat zarratuta egoten da-eta. Jantzea eta arkitekturea buztartzen dituan ibilbidea proponiduten dauen proiektu hau egiteko jantzari-talde handia behar dau Laidak, haren konpainiako hainbat jantzarik eta formakuntza-prozesuan dagozen jantza-ikasleak osotua. Abuztuaren 12an LaCerda konpainiaren El Baile de la Zurda ikuskizuna taldean eta erraietatik jantzatzea eta horrek eragiten dauen bultzadearen inguruko ikuskizuna izango da; eta abuztuaren 12an (ordubete geroago), era berean, Melania Olcinak paisaje ikugarria sortuko dau Tactus piezan. Abuztuaren 14an, eguenean, Estudios elementales muntaian, Jesús Rubiok eta Luz Pradok jantzearen eta musika-tresnea jotzearen ekintzari buruzko gogoetea egingo dabe.
Ordainpeko ikuskizunetarako sarrerak Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta hemen erosi ahal izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!