BOSek kontzertua eskaini deutse Arabako espetxeko presoei
2025-08-11 08:42 MusikeaJesús Guridi euskal konpositorearen pieza bildumea eskaini dabe.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) lehen aldiz eskaini dau kontzertua Arabako espetxean. Errezitaldi mueta hori, lehenbizikoa izan da zentroaren historian. BOSek kulturarako sarbide unibersalagaz dauen konpromisoaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren babesa eta laguntzea izan dau.
Kontzertuak 50 minutuko iraupena izan dau, eta Jesús Guridi euskal konpositorearen pieza bildumea eskaini dau. Kontzertua orkestrako 45 kidek interpretau dabe Mikel Fernandezen zuzendaritzapean, Lorea Lopez sopranoagaz eta Aitor Garitano tenoreagaz batera. Horreek guztiek ibilbide nabarmenak ditue estaduan eta nazinoartean. Egitarauan El Caserío, La Meiga eta Mirentxu lanen zatiak be eskaini dira.
Gizarteratzearen eta birgizarteratzearen alde
Kontzertua zuzenean entzuteak espetxe-errutina hausten dau, ansiedadea murriztuz eta ondoizate emozinonala hobetuz. Gainera, errespetua eta bizikidetzea sustatzen dau.
Oso esperientzia hunkigarria izan da guztiontzat. Orkestreak irmo sinesten dau kulturak gure gizarteko txoko guztietara heldu behar dauela. Ez da soilik kontzertu bat izan: enpatiaz beteriko ekintzea izan da, adierazo dau Iñigo Alberdik, BOSen zuzendari nagusiak.
Kontzertu horrek eta antzerako jarduerek presoen espetxe-tratamenduaren parte izateaz gan, birsozializatzeko helburua be dabe. Konstituzinoaren 25.2. artikuluaren arabera, espetxeratuak errehabilitazinora eta birgizarteratzera bideratu behar dira. Testuinguru horretan, kulturak funtsezko zeregina dau.
BOSek Arabako espetxean emon dauen kontzertua kulturea eta musika-jarduera bat baino gehiago da: inklusino-ariketea da, hartu-emonak sustatzeko eta etorkizunean askatasunean barriro integratzea errazteko aukera bat. Uste dogu birgizarteratzea gizartearen barrutik egin behar dala, eta ez zentro zarratu batetik, adierazo dau Mercedes Iruarrizagak, Arabako espetxeko zuzendariak.
Mugarri bat BOSentzat
Ekitaldia BOSen gizarte ekintzaren ildoaren parte da, izan be, 1922an sortu zanetik musikearen hedapena sustatu dau BOSek, ez bakarrik auditorium handietan, baita hezkuntza, landa eta gizarte testuinguruetan be. Kontzertu horregaz, Bilbao Orkestra Sinfonikoak beste mugarri bat gehitu deutso haren zerbitzu publikoaren bokazinoari, eta kultura edegi, eraldatzaile eta inklusiboagaz dauen konpromisoa berretsi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!